SUTEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sute batek etxebizitza eraikin bat kiskali du Donostian

Bederatzi pertsona etxetik atera behar izan dituzte eta horietako bat Donostia ospitalera eraman dute kea arnasteagatik. Suhiltzaileen arabera, eraikinaren egurrezko egitura oso kaltetuta gelditu da eta litekeena da eraitsi behar izatea.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Sute batek Donostiako etxebizitza eraikin bat kiskali du astelehen goizaldean. Ondorioz, bederatzi pertsona etxetik atera behar izan dituzte eta horietako bat Donostia ospitalera eraman dute kea arnasteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak jakitera eman dutenez.

Sua gauerdia baino minutu batzuk lehenago piztu da San Markos bideko etxebizitza eraikin batean, Donostia, Pasaia eta Errenteria arteko mugan. Ondorioz, etxebizitza eraikina kiskalita gelditu da. 

Etxean bizi ziren bederatzi pertsonetako bat Donostia ospitalera eraman dute kea arnasteagatik, beste bat lagun batzuen etxean gelditu da, beste sei pertsonari Olarain hotelean ostatu eman diete, eta beste bat kalean geratu da txakurrarekin hotelean maskotarik onartzen ez dutelako, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Teilatua bigarren solairuaren gainera erori da, eta ondotik lehenengo solairura jauzi da.  Luis Zabala Donostiako suhiltzaileen ofizialordeak jakinarazi duenez, egurrezko egitura kaltetuta dago eta litekeena da eraikina eraitsi behar izatea.

Garrak itzali dituzte, baina suhiltzaile talde bat tokian gelditu da zaintza lanak egiteko. 

Oraingoz ez dakite zergatik piztu den sua, eta ikerketa abiatu dute sutearen nondik norakoak argitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X