BIZKAIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Artxandako tuneletako Salbe-Txorierri tartea itxi egingo dute azaroaren 2tik aurrera

Lanak direla eta, zirkulazioa bost hilabetez itxiko dute. Egunero 13.500 ibilgailu arin eta 420 ibilgailu astun baino gehiago ibiltzen dira tarte horretan. 

Artxandako tunela

Artxandako tunela. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Artxandako tuneletako Salbe-Txorierri tartea bost hilabetez itxiko dute, datorren azaroaren 2tik aurrera, lanak egiteko. Hori jakinarazi du gaur goizean Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batean egin duen agerraldian. 

Tunelak 1.220 metroko luzera du, eta, diputatuak azaldu duenaren arabera, egunero 13.500 ibilgailu arin eta 420 ibilgailu astun baino gehiago ibiltzen dira tarte horretan. Lanen aurrekontua 20,6 milioi eurotik gorakoa da.

Alzagak azaldu duenez, lanak, batez ere, antzemandako egiturazko kalteak eta filtrazioak konpontzera bideratuko dira. 

Artxandako tunelak 2002tik daude martxan, eta Txorierri, Bilboko aireportua eta Bizkaiko Teknologia Parkea Bilborekin lotzen dituzte. Azpiegitura osoan zehar 30.000 ibilgailu inguru ibiltzen dira egunero.

Bide alternatiboak

Salbe-Txorierri tartearen itxierak joan-etorrietan eragina izango du. Errepidea itxi aurretik, ordea, Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailak informazio zehatza zabalduko du, lanek irauten duten bitartean trafikoan eta garraio publikoan izango diren aldaketen eta bide alternatiboen berri emateko. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X