BIRMOLDAKETA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Donostiako autobus geltoki eraberrituak sarbide berria izango du kanpoaldetik

Udalak geltokiaren edukiera eta segurtasuna hobetzea helburu duen birmoldaketa proiektua aurkeztu du.
Donostiako autobus geltoki berria
Donostiako autobus geltoki berria.

Ateak ireki eta hamar urtera, Donostiako autobus geltokia birmoldatu egingo dute. Jon Insausti Donostiako alkateak proiektuaren xehetasunak azaldu ditu. Azken urte hauetan izandako bidaiari hazkundeari erantzutea, instalazioen segurtasuna indartzea eta ekipamendua hiriko mugikortasun behar berrietara egokitzea da proiektuaren helburua.

Insaustik azpimarratu duenez, eraberritzea "erantzun sendoa da urteetan pairatu ditugun egungo behar eta gabeziei, baina baita hiriaren etorkizuneko mugikortasun beharrei aurrea hartzeko lana ere".

Geltoki berriak edukiera handiagoa izango du garraio- eta itxarote-zerbitzuetarako. Geltokiak dituen 21 dartsenak bidaiarien ohiko operaziorako erabiliko dira, azpiegituraren edukiera handituz eta zerbitzu berriak sartzea erraztuz.

Geltokiak tornuak izango ditu autobusen gunera sartzeko, eta sarbide berri bat, gaueko segurtasuna indartzeko. Sarbide hori gaueko ordutegian zerbitzua emango duten bost dartsenetan izango da. Horrela, mugimendu gutxiago dagoen orduetan geltokiaren gainerako zatia itxi ahal izango da, eta erabiltzaileen sarrera eta irteera gune kontrolatu bakar batean kontzentratu ahal izango dira, segurtasuna eta sarbideen kudeaketa hobetzeko.

Bolumen arkitektoniko berri hori ingurunearekin integratuta egongo da, eta, gainera, kafetegi espazio osagarri txiki bat eta bizikletentzako aparkaleku berri bat izango ditu, hiriko bidegorri-sarearekin zuzenean konektatuta. Era berean, barruko espazioak berrantolatu egingo dira.

Obrak lau fasetan egingo dira, geltokiaren funtzionamendua une oro bermatzeko eta aldi baterako itxierak edo zerbitzuaren lekualdaketak saihesteko. Lehenik, sarbide berria eraikiko da eta komunikazio bertikaleko elementuak egokituko dira. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X