Iruzkina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tentsioak gora Hong Kongen

Hong Kongo egoera maila arriskutsuetara ari da hurbiltzen. Manifestariek erakutsi dute ez dutela atzera egiteko asmorik. Duela 10 aste hasi zituzten estradizio legearen kontrako protestak.

Hong Kongo egoera maila arriskutsuetara ari da hurbiltzen. Manifestariek, gehienak gazteak, erakutsi dute ez dutela atzera egiteko asmorik. Duela 10 aste hasi zituzten, Carrie Lam buru, bertako gobernuak onartzeko asmoa zuen estradizio legearen kontrako protestak.

Manifestarien arabera, lege horrek disidente politikoak Txinaren esku uztea erraztu nahi zuen. Lamek legea bertan behera uzten zuela iragarri zuen, baina ez zuen erabat erretiratu, eta manifestariek protestekin jarraitu zuten. Txinaren kontrako kutsua ari da hartzen protesta.

Gazteek Hong Kongen duten sistema defendatzen dute, adierazpen eta elkartze askatasuna dago bertan, Txinan ez bezala, eta beldur dira Pekinek askatasun horiek kenduko dizkiela. Batzuk Hong Kong Txinatik erabat bereizteko aukera ere planteatzen dute.

Pekinek ordea ez du horrelako desafio politikorik onartuko, ezta Hong Kongo aireportua sistematikoki geldiarazterik ere. Aireportu hori ezinbestekoa da Txinako ekonomiarentzat. Txinako gobernuak protesta horiek pixkanaka baretuko ziren itxaropena zuen, eta kezkatzen hasia da luze doalako eta protesta gogorrak izaten ari direlako.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X