ALEMANIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Merkelen CDU alderdiak porrot gogorra jaso du eskualdeko hauteskundeetan

Berdeak nagusitu dira Baden-Württembergen eta sozialdemokratak, ostera, Renania-Palatinatuan. Sei hilabete barru egingo dituzte hauteskunde federalak Alemanian eta Merkel ez da hautagai izango.
Susanne Eisenmann CDUko hautagaia Baden-Wurttenberg landerrean. Argazkia: EFE

Alemanian, Angela Merkel kantzillerraren CDU alderdiak bi porrot gogor jasan ditu asteburuan, Renania-Palatinatua eta Baden-Württemberg landerretan egindako hauteskundeetan. Irailean egingo dituzte hauteskunde federalak Alemanian, eta Angela Merkel ez da hautagai izango.

Berdeak izan dira alderdi bozkatuena Baden-Württemberg eskualdean, botoen % 32,8 eskuratuta. Renania-Palatinatuan, ostera, SPD Alderdi Sozialdemokrata nagusitu da, botoen % 35,7rekin.

CDU alderdia, ostera, irabazleengandik oso urrun gelditu da. Baden-Württemberg eskualdean botoen % 23,6 lortu du eta Renania-Palatinatuan, berriz, % 26,5. Bi landerretan inoiz lorturiko emaitzarik txarrenak dira. Merkelen ondorengo arorako lider sendorik gabe, eta ustelkeria kasuek eta pandemiaren kudeaketak ahulduta iritsiko da iraileko hauteskundeetara.

AfD eskuin muturreko alderdiak nabarmen egin du behera bi eskualdeetan. Baden-Württembergen botoen % 10,1 bereganatu du eta Renania-Palatinatua, % 8,3.

Hauteskunde federalak irailean

CDUk eta CSU Batasun Kristau Demokratikoak iraileko hauteskunde federaletarako hautagaitza bateratua adostu behar dute oraindik. Barne borroka zabalik dago Armin Laschet CDUko liderraren eta Markus Söder CSUko buruzagiaren artean.

Ustelkeria kasuak bata bestearen atzetik lehertzen ari dira CDUren baitan.

Dena dela, pandemiaren kudeaketa eta txertaketa kanpainaren geldotasuna aurpegiratzen diote alemaniarrek gobernuari. 

Albiste gehiago mundua

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jende multzo baten kontra egin du auto batek Los Angelesen eta 30 zauritu utzi ditu, zazpi egoera kritikoan

Gutxienez 30 pertsona zauritu dira, horien artean zazpi egoera kritikoan eta sei larri, gaur goizaldean Los Angelesen (AEB), auto batek harrapatuta. Poliziaren bozeramaileak jakinarazi duenez, ibilgailu bat 02:00ak aldera (11:00ak Euskal Herrian) The Vermont Hollywood kontzertu-aretora sartzeko zain zegoen jendearen kontra joan da. Ustezko erasotzaileak, jatorri hispaniarreko gizon batek, hainbat pertsonarekin eztabaidatu zuen Vermont Hollywood barruan, eta, ondoren, lokaletik atera zen eta "arrazoiren batengatik, espaloian jendea harrapatzea erabaki zuen", esan du Horacio Aguirre Los Angeleseko Polizia Departamentuko sarjentuak The Washington Post egunkarian.

Gehiago kargatu