Alemaniako koalizio hitzarmenaren puntuak
SPDko sozialdemokratek, Berdeek eta FDPko liberalek osotutako koalizio gobernua abenduko bigarren astean jarriko da abian, hiru alderdi horiek onartutako hitzarmenarekin. "Aurrera egiten ausartu: Askatasuna, Justizia eta Jasangarritasuna" izeneko hitzarmenak 177 orrialde ditu. Besteak beste, pandemia, ingurumena, gutxiengo soldata, jubilazioak, oinarrizko errenta eta etxebizitza biltzen ditu bertan.
Pandemia
Osasun Ministerioan diziplinarteko kontseilu zientifiko bat sortzea aurreikusten da, covid-19ak eragindako pandemiaren kontrako neurriak hobeto koordinatzeko. Laster kantziler izendatuko duten Olaf Schotz-ek ez du baztertzen osasun alorrean eta arrisku handiko beste sektore batzuetan txertoa nahitaez jarri behar izatea, eta gerora beste alor batzuetara zabaltzea.
Ingurumena
2030. urterako, elektrizitatearen % 80k energia iturri berriztagarrietatik sortutakoa beharko du izan, gure planetako tenperatura 1,5 ºC baino gehiago igo ez dadin.
Koalizioak 2045ean jarri du neutraltasun klimatikoa lortzeko epemuga. Halaber, berretsi egin du zentral nuklear guztiak ixteko erabakia, eta ikatza energia iturri moduan 2030erako guztiz baztertzea bultzatuko du.
Gutxieneko soldata
Gutxieneko soldata egungo orduko 9,4 eurotik orduko 12 eurora igoko da: hau da, 35 lanorduko astea izanez gero, hilean 1.447 euroko soldata gordin irabazten duenak 1.847 euro irabaziko du aurrerantzean. Hau da % 27,6ko igoera izango du.
Kontuan izan behar da Alemanian, minijobak direla eta, alemaniar askok ez dutela lanaldi osoko kontraturik.
Erretiroak
Gizarte Segurantzako kotizazioak ez dira % 20 baino gehiago igoko. Pentsioak ez dira murriztuko, eta erretiro adina ez da atzeratuko.
Herritarrentzako laguntza
Estatuko Gizarte Segurantzarekin, herritarrek oinarrizko laguntza bat jasoko dute, egun indarrean dagoen oinarrizko asegurua (Hartz IV) izan beharrean, duintasunez bizi ahal izatea bermatzeko.
Etxebizitza
Koalizioak 400.000 etxebizitza eraikiko ditu urtero, eta horietako 100.000 diru publikoarekin eraikiko dira.
Alokairuen prezioen igoera gehiago mugatuko da merkatuaren presio handia jasaten duten eskualdeetan. Eskualde horietan, hiru urtean alokairuak ezingo dira % 11 baino gehiago igo (egun, % 15ean dago muga). Land edo eskualde bakoitzak erabakiko du zein zonalde diren presio handia jasaten ari direnak, eta bertan 2029ra arte luzatuko da alokairuen garestitzeari ezarritako muga hori.
Energia berriztagarrien zerga
Energia iturri berriztagarriei ezarrita zerga bertan behera geratuko da 2023ko urtarriletik aurrera. Argindar berdea elektrizitatearen prezioaren bitartez sustatuko da.
Seme-alabengatiko laguntzak
Gobernu berriak oinarrizko laguntza bat emango du seme eta alaba bakoitzeko, eta orain arteko laguntza guztiak bilduko ditu bertan. Seme-alabak dituen familia batek urtean 2.000 euroraino jaso ahalko ditu. Gainera, haurraren eskubideak konstituzioan ere jasoko dituzte.
Boto-eskubidea
Botoa emateko eskubidea 16 urtera jaitsiko da, eta konstituzioa erreformatu beharko da horretarako. Hala ere, Europako Parlamenturako hauteskundeetarako ez da beharrezkoa erreforma hori.
Marihuanaren legeztatzea
Hitzarmenaren arabera, marihuanaren legeztatze partzial bat egingo da, modu kontrolatuan eta baldintza batzuk betez gero erabili ahal izateko.
Transgeneroa
Arlo honetan dagoen legedia indargabetu egingo da. Horren ordez, lege berri bat onartuko da, pertsona bakoitzaren erabakian oinarrituta. Erregistroen bulegoetan, prozedura bat egongo da, nahi duenak sexu-aldaketa eskatzeko aukera izan dezan, eta aldatzeko gogoa besterik ez du erakutsi beharko horretarako.
Hiru alderdiek izenpetutako hitzarmenak sektore batzuen kritikak jaso ditu jada, nahikoa ez dela iritzita. Patronalaren buru Dainer Dulger-en ustez, esate baterako, hitzarmena norabide onean doa, baina ez da nahikoa digitalizazioak eta aldaketa demografikoek eta klimatikoek ekarri dituzten erronkei aurre egiteko. Hala ere, ontzat eman du zerga igoerarik ez egotea eta zor publikoari mugak ezartzea. Ezkerretik, berriz, errenta txikientzat zerga murrizketarik ez egotea kritikatu dute, hauteskunde kanpainan hori agindu arren. Finantza Ministerioa (boteretsuena) FDPko liberaren esku uztea ere kritikatu dute, hauteskundeetan boto guztien % 11,5 baino ez zituztelako lortu.
Zure interesekoa izan daiteke
Pentagonoak kargutik kendu du AEBko Armadako Estatu Nagusiko burua
Erasoen gorakadaren erdian, Randy Georgek agintea utzi du eta Trumpek bere erretorika belizista areagotu du.
Artemis II misio espaziala Ilargira bidean da jada
Bidaia tripulatuak bueltan dira Ilargira, 50 urteren ostean, baina oraingoan ez da ilargiratzerik aurreikusi.
Trumpek kargutik kendu du Pam Bondi fiskal nagusia, Espstein auziaren kudeaketarekin hainbat desadostasun izan ostean
AEBko presidenteak 2024ko azaroan jarri zuen karguan, baina denbora horretan hainbat enfrentamendu izan dituzte. Todd Blanchek ordezkatuko du Bondi, Trump presidente izan aurretik jasotako lau inputazio penaletan defendatu zuen abokatuak, alegia.
Amazonek Bahrainen duen zentro baten aurkako erasoa egin duela aldarrikatu du Iranek
Irango Guardia Iraultzaileak Microsoft, Apple, Google, Meta, Boeing, Tesla eta beste 14 enpresaren aurkako erasoak egiteko mehatxua egin zuen asteartean, Iranen kontrako "operazio terroristetan parte hartzea" leporatuta.
Erreskate faltsuak gauzatzen zituen sare bat desegin dute Nepalen
Mendizaleei iruzur egiten saiatzen ziren, beharrezkoak ez ziren ebakuazio medikoen bidez. Agintariek faltsututako 171 erreskate baieztatu dituzte 2022tik 2025era. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez da baztertzen kaltetuen kopurua handitzea.
Texasko petrolioak ia % 13 egin du gora, gerra laster amaitzeko zantzurik ez dagoelako
Trumpen azken agerraldiak gerra azkar amaitzeko itxaropena zapuztu du inbertsiogileen artean. Wall Streetek % 1,28 egin du behera, Trumpek Irani "gogor" erasotzen jarraituko duela iragarri ostean.
Artemis II-ko komuna, Ilargira bueltatzeko misioa kolokan jarri duen ustekabea
Tripulazioak akats bat antzeman zuen Orion ontziko hondakinen sisteman. Hala ere, arazoa konpondu zuten, aireratu eta ordu batzuk geroago, misioa arriskuan jarri gabe.
Albiste izango da: "Artemis II" ilargi-bidaia, NAN digitala mugikorrean eta Balmasedako prozesioa
Orain-eko albisteen laburpena, minutu batean.
AEB Iranen dituen helburuak betetzetik gertu dagoela ziurtatu du Trumpek, eta eraso gehiago iragarri ditu
AEBko presidenteak aste gutxi barru aurreikusten du gerraren amaiera, eta Ormuzko itsasartea "modu naturalean" irekiko dela dio. Bien bitartean, Teheranek ukatu egin du su-etena eskatu izana.
"Artemis II" aireratu da Ilargira bidean
NASAko tripulazioa Lurreko orbitan erabat sartu da, eta 10 eguneko bidaiari ekin dio. Gorabehera txikiak izan dira jaurtiketan, baina konpondu dituzte.