Iranek "gehiegizko eskakizunak" egitea leporatu dio AEBri
Arma nuklearrak ez garatzeko konpromiso argia, egiaztagarria eta epe luzerakoa eskatzen dio AEBk Teherani, baita horiek lortzea erraztu lezaketen tresnen gaineko murrizketak ere.
AEBk eta Iranek akordiorik gabe itxi dute Islamabadeko negoziazioen lehen fasea, Ormuzi buruzko desadostasunekin
Washingtonen eta Teheranen arteko negoziazioen lehen fasea aurrerapauso erabakigarririk gabe amaitu da, Islamabaden 21 orduz hitz egiten aritu ondoren. Bi aldeek amaitutzat eman dute lehen harreman ziklo hau, ia mende erdian garrantzitsuena izan dena, baina espero zen adostasunik lortu gabe.
AEBk eskaera mugiezinari eusten dio: Iranen konpromiso argia, egiaztagarria eta epe luzerakoa arma nuklearrak ez garatzeko, baita horiek lortzea erraztu lezaketen tresnen gaineko murrizketak ere.
Iranek gogor erantzun du, eta Washingtoni "gehiegizko eskakizunak eta legez kanpoko eskaerak" egitea leporatu dio. Teheranek azpimarratu du ez diela bere eskubideei uko egingo, eta ituna lortzeko, ezinbestekoa dela zigor guztiak kentzea.
AEBren bi desktruktorek Ormuz zeharkatu dute itsasartean dauden lehergaiak kentzeko
AEBren Indar Armatuek jakinarazi dute bi ontzi destruktore bidali dituztela Ormuzera, itsasartea "pixkanaka bere onera itzul dadin".
Iturri diplomatikoek ez dute baztertzen elkarrizketak bihar arte luzatzea
Ia bi orduko lehen saioaren ostean, kontu orokorrak alde batera utzi dituzte, xehetasun teknikoei heltzeko, Tasnim agentzia iraniarrak azaldu duenez. Saio bakarreko bilera izango zela aurreikusi bazuten ere, iturri diplomatikoek ez dute baztertzen elkarrizketak bihar arte luzatzea, akordioaren zertzeladak ixteko.
Une honetan, atsedenaldian daude, otoi egiteko gelditu baitute bilera.
Iranek aurreratu du dagoeneko Pakistani jakinarazi dizkiotela beren baldintzak, besteak beste, Ormuzko itsasartearen kontrola izatea, blokeatuta dituzten aktiboak desblokeatzea eta Libano ere kontuan hartuko lukeen su-etena adostea, Irango telebista kateak zehaztu duenez.
Trumpek iragarri du Ormuzko itsasartetik lehergaiak kentzen hasiko dela
AEBko presidente Donald Trumpek adierazi duenez, "hasi dira dagoeneko ingurua garbitzen", bere herrialdea Iranekin negoziatzen ari den bitartean.
AEBren eta Iranen bidaliak Pakistango lehen ministroarekin bildu dira
Bake elkarrizketak hasi eta batera batu dira lehen ministroarekin, nor bere aldetik.
Iran eta AEBren arteko bake-elkarrizketak hasi dira Islamabaden
Ekialde Hurbileko gatazka armatuari amaiera emateko bake-elkarrizketak hasi dira Islamabaden, Iranen eta AEBren artean. Duela sei aste hasi zen gatazka.
Gutxienez 10 hildako Libano hegoaldean, Israelek egindako erasoetan
Gutxienez hamar pertsona hil dira larunbat honetan Libano hegoaldean, Israelgo Armadak egindako bonbardaketetan. Hala, Israelek eraso armatuekin jarraitu du Iranen eta AEBren arteko elkarrizketen artean.
AEB eta Iran Pakistanen bilduko dira, su-etenaren irismenari buruzko zalantzen artean
AEB eta Iran Pakistanen bilduko dira larunbat honetan, gatazka armatua amaitu eta Ormuzko itsasartean egoera berrezartzeko helburuarekin, su-etenaren irismenari buruzko zalantzen artean.
Teheranek adierazi du edozein akordio iraunkorretan finantza zigorren amaiera eta Libanoko gerraren amaiera jaso behar direla.
Iranek dio akordioa egon daitekeela, AEBk bere interesak Israelenen gainetik jartzen baditu
Iranek gaur aderazi du AEBk bere interesei lehentasuna ematen badie Islamabaden abiatuko dituzten bake elkarrizketetan, "litekeena" dela "bi aldeentzat eta mundu osoarentzat onuragarria" izango den akordio bat lortzea.
"'America first'en ordezkariekin negoziatzen badugu Islamabaden, litekeena da bi aldeentzat eta mundu osoarentzat onuragarria izango den akordio bat lortzea", idatzi du Mohamad Reza Aref Irango lehen presidenteordeak X sare sozialean, Pakistanen negoziazioei ekin aurretik.
Arefek gehitu du, hala ere, "'Lehenik Israel'en ordezkariak" badituzte aurrean, ez dela akordiorik egongo: "Iranek, nahitaez, bere burua defendatzen jarraituko du, are irmotasun handiagoarekin, eta kostu handiagoa izango da munduarentzat".
Iritsi dira AEBko eta Irango ordezkaritzak Islamabadera
Libanok iragarri du Israelekin elkartuko dela asteartean Washingtonen
Joseph Aoun Libanoko presidenteak iragarri du asteartean, apirilaren 14an, hasiko direla Israelekin su-etena adosteko negoziazioak, Washingtonen. Bezperan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan zuen bake elkarrizketak abiatzeko agindua emaan zuela, nahiz eta berretsi ez zuela su-etenik nahi, azken eraso oldean 1.900 pertsona baino gehiago hil ostean.
Pakistango negoziazioak "erabakigarriak" izango dira AEBrentzat eta Iranentzat
Larunbat honetan Islamabaden hasiko diren elkarrizketa zuzenak "une erabakigarria" izango dira AEbren eta Iranen arteko bake itun iraunkorra lortzeko, bitartekari lanak egingo dituen Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifen arabera.
Agintariarentzat berebiziko garrantzia izango dute elkarrizketek gerrari amaiera emateko eta Ekialde Hurbilean bakea ezartzeko akordioak adosteko.
"Behin behineko su-etena iragarri da, baina orain fase garrantzitsuago baten aurrean gaude: su-eten iraukorra lortzea eta arazo korapilatsuenak negoziazioaren bitartez konpontzea", gaineratu du agintari pakistandarrak.
Islamabadeko negoziazioetan parte hartuko dute, Iranen partetik, Mohammad Bagher Qalibaf Parlamentuko presidenteak eta Abas Araqchi Atzerri ministroak, besteak beste, eta jada bertan dira AEBren ordezkaritzaren zain.
JD Vance AEBko presidenteaordea ere laster da bertara iristekoa, eta berekin joango dira Steve Witkoff bidali berezia eta Jared Kushner aholkularia, Pentagonoko beste agintari batzuekin batera.
Israleen arabera, Hizbulako 180 militante hil ditu Libanon egindako azken erasoetan, guztira 350 pertsonatik gora hil dituen arren
"Minutu bakar batean, Israelgo Armadak gutxienez Hizbulako 180 terrorista akatu ditu, aldi berean, hiru gune desberdinetan", esan dute Israelgo indar armatuek. Horrela, su-etena indarrean sartu deneko lehen eguneko biktimak ez lirateke izango alderdi xiiko kide, Israelek berak egindako kalkuluen arabera.
Gainera, kopurua ez dator bat Israel Katz Defentsa ministroak atzo emandako zenbakiarekin. 200etik gora aipatu zuen.
1.900 pertsona baino gehiago hil dira Libanon martxoaren 2tik, Israelek bonbardaketa kanpaina berri bat eta hegoaldeko okupazioa abiatu zituenetik.
AEBk eta Israelek 125.000 azpiegitura zibiletik gora kaltetu dituzte
Irango Ilargierdi Gorriak egindako zenbaketaren arabera, otsailetik hasitako erasoaldian 125.630 azpiegitura zibil erasotu dituzte. Zehatz mehatz, 100.000 etxebizitza, 23.500 denba eta 336 osasun zentro eta ospitale dira kaltetutako eraikinak.
"Arerio sionistak, gainera, 15 azpiegitura energetiko eta aireportu erasotu ditu", gehitu du. Edonola ere, "Ilargierdi Gorriaren komunitatera batzeko gogoa inoiz baino handia da herritarren artean".
AEBko presidenteordea Islamabadera bidean dago
JD Vance Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak uste du Irango gerrari bukaera jartzeko bake negoziazioak "positibkoak" izango direla. "Negoziaketa hasteko gogo handia daukagu", esna du Pakistanera abiatu aurretik.
Irago ordezkaritza Pakistanera iritsi da
Wall Street Journal egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, ordezkaritza irandarra ostiral honetan iritsi da Islamabad hirira. Dena den, Iranek Pakistanen duen enbaxadak ez du informazio hori baieztatu.
AEBren talde negoziatzailea, Pakistanera bidean
Iranen eta AEBren arteko bake elkarrizketak larunbat honetan astekoak dira Islamabad hirian, Pakistanen bitartekaritzarekin, eta talde negoziatzaile estatubatuarra bidean da. JD Vance AEBko presidenteordeak, Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako AEBren bidali bereziak eta Jared Kushner Donald Trumpen suhiak osatuko dute.
Mojtaba Khameneik ziurtatu du Iranek ez duela gerra bilatu, baina ez duela bere eskubideetan amore emango
Mojtaba Khamenei aiatolak azpimarratu duenez, Iranek ez du gerra bilatu, baina ez du bere eskubideetan amore emango. Irango lider gorenak bere bozeramailearen bitartez bidali du mezua IRIB Irango telebista publikora eta Tasnim albiste agentziara.
Su-eten baldintzak ez betetzea leporatu dio Trumpek Irani
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak sare sozialetan salatu duenez, Iran ez da petrolio ontziak Ormuzko itsasartetik pasatzen uzten ari. "Hori ez da adostu genuena" nabarmendu du.
Ziurgabetasuna nagusi, AEBk eta Iranek bake negoziazioak hasi atarian
Pakistanen ia dena prest dute AEBko eta Irango ordezkariak hartzeko. Aurreikuspenen arabera, AEBk eta Iranek bake negoziazioak abiatuko dituzte larunbat honetan Islamabad hirian, Pakistan bitartekari dela. Hala ere, Irango iturriek ohartarazi dute Israelek Libanoko erasoak eten ezean ez dela negoziazio mahaian eseriko.