MISIOA ILARGIRA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Artemis II misioko astronautak: "Esperientzia errepikaezina izan da, handiegia"

Itsasoratu ostean egindako lehen agerraldi publikoan, hunkituta azaldu dute Ilargiaren inguruan egin duten 10 eguneko bidaia historikoa. Txalo zaparrada ugari jaso dituzte.

Wiseman, Glover, Koch eta Hansen, agerraldian. Argazkia: EITB

NASAren Artemis II misioko eskifaia Lurrera itzuli da, Ilargiaren inguruan 10 eguneko bidaia historikoa burututa. Lau astronautek nabarmendu dutenez, "esperientzia errepikaezina izan da, gorputz bakar batentzat handiegia". Bidaiak "betiko batuta" utzi dituela esan dute. 

NASAko hiru astronautak —Reid Wiseman, Victor Glover eta Christina Koch— eta Kanadako Espazio Agentziakoa —Jeremy Hansen— Ozeano Barean itsasoratu ziren atzo. Houstonera eraman zituzten gero, osasun azterketak egitera, ongietorri jendetsua jaso zuten ondoren Johnson Espazio Zentroan, eta senitartekoekin elkartu ziren jarraian, misio hori hasi zenetik lehen aldiz.

Lurrera itzuli ondoren egindako lehen adierazpen publikoetan, Reid Wiseman misioaren komandanteak apartekotzat jo du bidaia: "Betiko batuta geratu gara, eta Lurrean izan direnek ez dute inoiz jakingo laurok pasatu duguna; bizitzan gertatuko zaidan gauzarik bereziena izan da". Alabaina, zailtasunak ere izan ditu gogoan: "Jaurtiketa egin baino lehen, munduko ametsik handiena zirudien, eta han geundela, familiarekin eta lagunekin itzuli besterik ez genuen nahi. Berezia da gizakia izatea, eta berezia Lur planetan egotea".

Christina Koch espezialistak ere taldearen kohesioa azpimarratu du: "Tripulazioa beti presente dagoen taldea da, gertatzen dena gertatzen dela ere (...) lotura eder eta leial batek ezin bananduta". Hunkituta, hitzik gabe geratu da agerraldiaren une batean. "Lur planeta ñimiñoa ikusteak barik, hura inguratzen duen belztasuna begiztatzeak" eragin dio zirrara handiena, bere esanetan. 

Victor Gloverrek esan duenez, oraindik ez du egindakoaren tamaina barneratu. "Bizitakoa deskribatzen saiatzea erronka da, baina hortaz harago, eskertuta nago ikusi dugunagatik, egin dugunagatik eta nire kideekin egoteagatik. Handiegia da gorputz bakar batentzat", adierazi du emozionatuta.

Antzera mintzatu da Jeremy Hansen ere. Horren arabera, "ikusi duzuena ekarpena egiten gozatzen ari zen pertsona talde bat da (...) Islatzen zaituzten ispilua gara, eta ikusten duzuena gustuko baduzue, begiratu pixka bat harago. Hau zuon isla da".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X