Artemis II misioko astronautak prest dira 02:07an Kaliforniako kostaldearen parean itsasoratzeko
Hego Euskal Herriko 02:07an, NASAren aurreikuspenen arabera, San Diegoko (Kalifornia) kostaldean itsasoratuko da Orion espazio ontzia.
Artemis II misioko astronautek bigarren maniobra egin dute Ilargia inguratu ondoren Lurrera itzultzeko, eta, hala, gure planetara itzultzeko bidearen erdia baino gehiago egin dute.
NASAk jakitera eman duenez, Orion espazio ontziak 9 segundoz piztu zituen propultsio motorrak, astearteko 22:53an AEBko ekialdeko orduan (Hego Euskal Herrian 04:53an direnean). Segundoko 1,6 metroko abiadura aldaketa eragin, eta tripulazioa Lurrerantz bultzatu zuen.
Hala ere, maniobra hasi baino bi ordu lehenago, "itzulerako loturan seinalea galdu da, datuak transmititzeko abiadura aldatu denean". AEBko espazio agentziak esan duenez, gertaerak "eragina izan du ontzitik Lurrerako komunikazio eta telemetriaren transmisioan". Hala ere, "bi noranzkoko komunikazioak berrezarri dira, eta, handik gutxira, hegaldiaren kontrolatzaileek prestaketei ekin diete berriro, hurrengo maniobra abiatzeko", gaineratu du.
Ostiralean, aurreikuspenen arabera, "itzultzeko ibilbidea zuzentzeko" hirugarren maniobra egingo dute. Operazio hori AEBko ekialdean 13:53 direnean egingo dute, Hego Euskal Herrian 19:53 direnean.
Ordu batzuk geroago, AEBko ekialdeko 20:07an (Hego Euskal Herriko 02:07an), NASAren aurreikuspenen arabera, Orion San Diegoko (Kalifornia) kostaren parean itsasoratuko da.