Ikerketa

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Begoña Gomezen katedra aurreikusitako araudiaren arabera sortu zela ondorioztatu du UCOk

UCOk Juan Carlos Peinado epaileari bidalitako txostenen arabera, katedra aurreikusitako izapideen arabera sortu zen, eta Gomezen banku-kontuen informazioa "bat dator jarduera profesionalen garapenarekin".  Hala ere, irregulartasunak topatu ditu katedraren softwarea garatzeko bi enpresei egindako kontrataziotan: Deloitte Consulting eta Making Science Group. 

begoña-gomez- pareja pedro sanchez bikotekidea eitb media
Begoña Gomez, artxiboko argazki batean.

Guardia Zibilaren UCOk ondorioztatu duenez, Begoña Gomezek, Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (UCM) zuzendu zuen katedra aurreikusitako izapideen arabera sortu zen, baina horren softwarea abian jartzeko "aurrez pentsatutako" esleipenetan jarri du fokua.

Unitate Zentral Operatiboak (UCO) 317 orrialdeko txostena igorri dio Juan Carlos Peinado epaileari, katedraren sorrerari nahiz horren gizarte eta ingurumen inpaktua neurtzeko plataforma bati buruzkoa, bai eta Gomezen banku mugimenduei buruz ere. Hainbat eranskin ditu txostenak. 

Begoña Gomez, Cristina Alvarez aholkularia eta Juan Carlos Barrabes enpresariak helegiteak jarriak dituzte epailearen autoaren kontra, zeinak herri-epaimahai batek epaitzea proposatu zuen. Helegite horiek aurrera egingo dutenen ala ez ezagutzen zain daude. 

Agenteek ondorioztatu dutenez, "bankuko informazioa bat dator Begoña Gomezen jarduera profesionalen garapenarekin", eta katedrari dagokionez, "hainbat laguntzailez elikatzen da", eta hori guztia "bat dator UCMk ezohiko katedrei eta araudi komunari buruz xedatutakoarekin".

Hala ere, "deigarri" deritze aipatutako plataforma garatzeko bi enpresari (Deloitte Consulting eta Making Science Group) egindako kontratazioei.

"Aurrez pentsatutako" esleipenak

Deloitte plataformaren enpresa babesleetako baten kontratazioa "esparru administratibo huts" gisa egindako bi espedienterekin izapidetu zen, "legezkotasun itxura" emateko, baina "araudian ezarritako prozeduratik kanpo", txostenak dioenez.

Aholkularitza-enpresari egindako ordainketak kontratu txiki batean eta prozedura ireki sinplifikatu batean oinarritu ziren, UCOk jaso duenez. Horren arabera, Deloitteri egindako esleipenak "aurrez pentsatuta zeuden" eta "aholkularitza-enpresak bere eginkizunak hasita zituen" ordurako.

Ikertzaileek gaineratu dutenez, "beren zerbitzuen benetako prestazioak ez zuen zerikusirik bi kontratuak gauzatzeko epe formalekin", eta eskatutako betekizunak eta baldintzak "Deloittek eta katedrak aurrez definitutako baldintzetara egokitu ziren, prezioa barne".

Eta ondorioztatu dutenez, "eskaintzak modu simulatuan eskatu izango ziren, edo, gainerako lizitatzaileei lehia mugatzea zekarten baldintzetan bestela, Deloitteren mesedetan". Formalizatutako kontratuak eta zerbitzuen benetako jardunak "bat ez zetozela" gaineratu dute. 

Making Science Groupen kontratazioa, berriz, "horretarako espediente administratibo bat izapidetu ere egin gabe" egin zen, baina, behin zerbitzu emanda, "disfuntzio hori" hauteman zenean, askatu egin zen ordainketa hori "UCM bidegabeki aberastea saihesteko".

Softwarearen jabetza intelektualari dagokionez, txostenak ez du ikusten proiektuaren arduradunek Unibertsitateak jabetza intelektuala sor dezaketen produktuak erregistratzeko ezarritako protokoloari jarraitu ziotenik.

Eta beste izapide batzuei dagokienez, hala nola markaren erregistroari eta tresnari sarbide publikoa emateko domeinuaren altari dagokienez, ez du "elementurik" kudeaketaren arduradunek, besteak beste Begoña Gomezek, barne protokoloa bete zutela ondorioztatzeko. 

Agenteek Begoña Gomezen "lotura" ikusten dute softwarearekin, "tresnaren sustapen tailerretan" parte hartu duelako. Plataforma hori "doakoa" dela dio UCOk eta laguntzaileek UCMren jabetzakoa dela diotela.

Gomezen kontuen azterketa

2019tik 2024ra arteko Gomezen kontuak aztertu ondoren, UCOk ondorioztatu du bat datozela bere jarduera profesionalekin, eta Unibertsitate Konplutentseak edo bere Fundazioak BBVAren bere kontu bati egindako abonuak nabarmendu ditu.

2020ko otsailetik 2022ko azarora arte, 17.037 euro jaso zituen; 2021eko urrian, 10.157 euro; 2022ko abenduan, 5.090 euro; 2022ko irailetik 2023ko abendura, 9.605 euroko lau ordainketa, Unibertsitateko Fundazioaren eskutik. Horrek berak 170 euro transferitu zizkion 2023ko uztailaren 18an. Guztira, 42.059 euroko diru-sarrerak.

Halaber, Gomezekin "lotura profesionala izan zuen" Instituto de Empresa Fundazioaren 196.353 euroko 37 abonamendu ere jaso ditu UCOk txostenean, baita Inmark enpresa-taldeak bere izenean igorritako 8.800 euroko txeke bat ere. 

"Aparteko aipamena" merezi dute, UCOren arabera, Gomezek administratutako Transforma TSC sozietateari lotutako kontuetako bateko "diru-sarrera jakin batzuk". 

Txostenak jasotzen du kontu horietako bat 2023ko abenduan ireki zela eta 2024ko otsailean itxi,  6 euroko "sarrera eta irteera banarekin"; beste batean 26 mugimendu daude 2024ko apiriletik azarora arte, eta lau abonu, horietako bi kontu propioetatik datozen 600 euroko bi abonu, eta beste bi egun berean (martxoaren 14an) 6687,85 eurokoak, Innovación Hexagonal sozietatetik datozenak. 

UCOk "analogiak" aurkitu ditu Transforma TSC sozietate horren (jada aktibo ez dagoena) eta plataformaren artean, baina uste du ez dagoela "katedrarekin ofizialki lotzen duen elementurik", eta, nahiz eta "bizi aldi laburra" izan (2023ko azarotik 2024ko ekainera), "egiazki, jarduera komertziala" izan zuela dio. 

PSOE: "Egia aterako da" Begoña Gomezen aurkako "jazarpenean"

UCOren txostenaren berri izan ostean, PSOEk astelehen honetan adierazi duenez, "egia aterako da azkenean", Begoña Gomez Gobernuko presidentearen emazteak "bi urtez jasandako jazarpenarne ondoren". 

 'X' sare sozialean egindako argitalpen abatean adierazi duenez, alderdiaren iritziz ez da legez kontrako aberasterik, mugimendu susmagarririk izan bere kontuetan, ez eta anomaliarik ere katedraren kudeaketan.

"Hor dagoena da pertsona zintzo bat", adierazi dute sozialistek, eta ziurtatu Gomezen bizitza "suntsitzen" saiatu direla, Pedro Sanchez buru duen Gobernuari "eraso egiteko".

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X