Coalicion Canariak legegintzaldia bukatutzat eman du eta hauteskundeak eskatu ditu: "Herritarrek gobernu berria aukeratzeko momentua da"
Konfiantza-mozioa eskatu dio Sanchezi, eta PPk zentsura-mozio baterako deitu ez diola esan du, ez dizkiotelako zenbakiak ematen.
Kanarietako presidentea, Fernando Clavijo, Imanol Pradales lehendakariarekin. Argazkia: EFE
Legegintzaldiaren oinarriak arrakalatzen ari dira, azken orduetan ikusten ari denez. EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek Pedro Sanchezri hauteskundeak aurreratzeko beharra igandean helarazi ostean, Coalicion Canariak bide beretik jo du.
Alderdiak Kongresuan duen bozeramaile Cristina Validok amaitutzat jo du Pedro Sanchezen legegintzaldia, eta defendatu du “zentzuzkoena litzatekeela aurten hauteskundeak deitzea", 2027rako “kontu garbiketa” egin eta gobernu berri batekin lanean hasteko.
"Epaileak partida amaitu dela adierazi du. Herritarrek hitza hartu, eta gobernu berri bat aukeratzeko garaia da”, adierazi du bozeramaileak Radio Club Tenerifen egindako elkarrizketa batean.
Sanchezen gobernuari eragiten dioten ustelkeria auziak, Jose Luis Rodríguez Zapatero Plus Ultra auzian inputatua izatea eta Kanariekin hartutako konpromisoak betetzeko moduko aurrekontu orokor berriak onartu ezina aipatu ditu, besteak beste.
Cristina Valido, Coalicion Canarias alderdiaren bozeramailea Kongresuan
Argi dago legegintzaldiak ez duela gehiago ematerik"
EAJren ohartarazpenaz galdetuta —Aitor Estebanek esan baitzuen “arduragabea” litzatekeela legegintzaldiak 2027ra arte irautea—, Validok gogorarazi du alderdi abertzaleak “une honetan ez duela zentsura moziorik planteatzen, alternatiba gustuko ez duelako”.
"Baina zentzuz jokatu behar du bere adierazpenetan", esan du Coalición Canariako buruzagiak. Halaber, zalantzan jarri du koalizio gobernuak datorren urtera arte iraun ahal izango duenik, parlamentuko babes faltagatik.
Validok aitortu du ez dagoela gobernuarekiko elkarrizketarik ez negoziaziorik, baina Kongresuan “herritarrentzat eta Kanarientzat garrantzitsua dena” babestuko duela ziurtatu du. Hala ere, salatu du estatuak “1.200 milioi euroko transferentzia arruntak” zor dizkiola Kanariei, “hirugarren urtez jarraian aurrekonturik ez izatearen ondorioz”.
“Argi dago legegintzaldiak ez duela gehiago ematerik, eta uste dut herritarrek iritzia emateko eskubidea dutela”, nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"