Von der Leyenek zenbait estatu eta bestelako aktore jo ditu Ceutako migrazio-krisiaren errudun
Europako Batzordearen presidenteak uste du nahita ari direla migrazioa erabiltzen, Europar Batasuna ezegonkortzeko eta banaketa sortzeko arma gisa erabiliz. Baina, argi eta garbi esan du: "Ez dute lortuko".
Ursula von der Leyen Europako Batzordearenh presidenteak zenbait estatu eta bestelako aktore jo ditu migrazio-krisiaren errudun. Izan ere, migratzaileen sarrera masiboak, Ceutakoa kasu, "nahita" eragindakoak direla uste du, Europar Batasuna ezegonkortzeko eta banaketa sortzeko arma gisa erabili direlakoan dago. Nolanahi ere, argi eta garbi erantzun du: "Ez dute lortuko".
Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia) asteazkenean egindako osoko bilkuran, Von der Leyenek azpimarratu du ez diotela inori utziko "hori baliatzen gure batasunari presioa egiteko".
Ildo horretan, ziurtatu du "urtea amaitu aurretik" proposamen bat aurkeztuko duela, hogeita zazpietako gobernuei Europar Batasuneko mugen aurka "ezohiko mehatxuei azkar erantzuteko beharrezko tresnak" emateko.
% 56ko beherakada
Eurodiputatuen aurrean egindako agerraldian, Europako Batzordearen presidenteak erabat babestu ditu martxan dauden migrazio-politikak.
Datuei erreparatuz gero, nabarmendu du % 56 pertsona migratzaile gutxiago izan direla azken bi urteetan Europar Batasun osoan; aurten bakarrik % 34 gutxiago. Horrez gain, asilo-eskaen kopuruak ere % 19 egin dutela behera nabarmendu du.
Hala ere, Von der Leyenek ohartarazi du udan Ceutara iritsitako 80.000 migratzaileek berriro ere argi erakutsi dutela "mehatxuak zeinen azkar ager daitezkeen" Europako mugetan. Gauzak horrela, alor horretan "pausoak ematen jarraitzeko" deia egin du.