Lanera bizikletaz joaten diren langileei ordainsariak ematea proposatu du Ikerbasqueko ikerlari batek
Bilboko Euskalduna Jauregian Osasun Publikoko Europako Konferentzia egiten dihardute egunotan. Antolakuntza-taldeko presidenteak, Manuel Franco ikerlariak, lanera bizikletan doazenak saritzea proposatu du: “ez da zientzia fikzioa”, ziurtatu dio EFE agentziari, Belgika eredu jarriz. BC3 aldaketa klimatikoari buruzko euskal ikerketa zentroko ikerlaria da Franco, Ikerbasquen.
Azaldu duenez, Belgikan, langileek etxetik lantokira joateko bidea bizikletan egiten dutenean, kilometro bakoitzeko 0,36 euroko hobaria jasotzen dute, 25 kilometroko mugarekin: urtean 3.610 euro, alegia.
Francoren arabera, lanera autoz edo bizikletaz doazenen arteko aldea “izugarria” da osasunean. Glasgowko Unibertsitatearen arabera, gaixotasun kardiobaskularren arriskua % 46 txikiagoa da, minbiziarena % 45 txikiagoa eta heriotza goiztiarrarena % 41.