Barne Ministerioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

PPk bizileku baimena eman zion venezuelar bati Iglesiasi buruzko informazioaren truke

Carlos Alberto Ariasi Espainian urtebetez bizitzeko baimena eman zion Barne Ministerioak, "salbuespen egoera" argudiatuta, Poliziarekin kolaboratu zuelako.
Pablo Iglesias
Pablo Iglesias. Argazkia: EFE

Jorge Fernandez Diazek (PP) zuzendutako Barne Ministerioak Espainian bizitzeko baimena eman zion venezuelar bati, Pablo Iglesias Podemoseko buruaren aurkako informazioa zabaltzeagatik, iturri polizialek baieztatu dutenez.

Hain zuzen ere, Carlos Alberto Arias venezuelarrari Espainian urtebetez bizitzeko baimena eman zion Barne Ministerioak, "salbuespen egoera" argudiatuta, Poliziarekin kolaboratu zuelako, El Pais egunkariak zabaldu duenaren arabera.

Bizileku baimena Fernandez Diazen "bigarrenak" sinatu zuen, Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkari ohiak. Agiriak ez du zehazten zertan oinarritu zen haien arteko lankidetza, baina aipatu egunkariak argitu duenez, Ariasek berak onartu zuen 2016ko otsailetik Espainiako Poliziari informazioa ematen ziola.

"Denetariko dokumentuak" igorri zizkion, Venezuelako Gobernuak Podemoseko buruzagiei eta Pablo Iglesiasi ustez emandako diruarekin lotutakoak. Kasu honetan, Euro Pacific Bankeko kontu baten bidez egin omen zituzten bidalketak.

Horrela, 2016ko apirilaren 11n lortu zuen Ariasek Espainian bizitzeko baimena. OK Diario egunkariak argitaratutakoaren harira, baina, haren aurkako ikerketa abiatu zuten.

Ildo horretan, Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren abokatuak, Antonio Garcia Cabrerak, Poliziaren ikerketa batetik lortutako "informazio pribatuarekin" lotu zuen Iglesiasen aholkulari bati sakelako telefonoa lapurtu izana.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, bestalde, ministerio horretako arduradun ohiei "erantzukizun politikoak" eskatzeko ordua dela esan zuen atzo, Villarejo auziak Pablo Iglesiasen informazioa zeukan telefono baten lapurretarekin lotura duelako, antza.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Torresek ontzat jo ditu itunak, eta "Konstituzioa, Estatutua eta legedia" errespetatzen dituztela esan du

Angel Víctor Torres ministroak Aldebiko Batzordearen bilera "produktiboa" izan dela esan, eta aurrez egin den "lan handia" nabarmendu du. Bi administrazioek, gainera, etorkizunean industria, energia, osasun eta immigrazio alorretan, besteak beste, akordioak lortzeko negoziazioen ildoak ireki dituztela aurreratu du. Horren ustez, "akordioan, askatasun instituzionalean eta kudeaketa publikoaren eraginkortasunean" oinarritutako lankidetza eredua finkatzen ari da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X