Ertzaintzak 247 arma zuri konfiskatu ditu 2026an
PPren kritiken aurrean, Euskadin Arma Zurien Erabilera Prebenitzeko Ekintza Plana defendatu du Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Hala ere, "beharrezkoa bada" berrikusteko prest agertu da.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak esan du 2026an, orain arte, 247 arma zuri atzeman dituela Ertzaintzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrez gainera, ziurtatu du, oro har, delitu horiekin egindako delituek behera egin badute ere, horietako batzuetan "indarkeria maila" handitu egin dela.
Eusko Legebiltzarrean eman ditu Zupiriak datu horiek, Ainhoa Domaica PPko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez. Popularrak Euskadin Arma Zurien Erabilera Prebenitzeko Ekintza Plana berrikusteko eskatu dio, uste baitu ez duela funtzionatzen.
Sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzak 183 ekintza egin ditu aurten arma zurien aurka, eta 247 konfiskatu ditu. Horiekin egindako delituei dagokienez, azaldu du arma mota horiek erabili zirela gauzatutako bost hilketetatik hirutan, familia-eremuko tratu txarren 33 kasutan eta indarkeria edo larderia erabiliz egindako 135 lapurretatan. Era berean, mota horretako tresnen ondoriozko 146 lesio izan dira, gehienak borroketan.
2023an plana martxan jarri zenetik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 9.300 elementu ebakitzaile konfiskatu dituzte guztira. % 16 prebentzio-operatiboetan jasotakoak dira, Zupiriak zehaztu duenez.
Sailburuaren esanetan, oro har delituek behera egin duten arren, "indarkeria-maila igo egin da horietako batzuetan". Horren iritzian, beraz, plan hori "beharrezkoa da eta behar den aldian berrikusiko da, Ertzaintzako profesionalek hala uste badute".