Bel Pozueta ez da EH Bilduren Nafarroako hautagaia izango Kongresurako
Sei urteko ibilbidearen ondotik, politika instituzionaletik erretiratzea erabaki du, baina "komunitateko beste esparru batzuetan lan egitera" igaroko dela nabarmendu du.
Bel Pozueta EH Bilduren Nafarroako Kongresurako diputatua. Artxiboko argazkia: EITB
Bel Pozueta ez da EH Bilduren Nafarroako hautagaia izango azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan. X sare sozialean zabaldu duen mezu batean azaldu duenez, sei urteko jardunaren ondotik politika instituzionaletik erretiratuko da, baina EH Bilduren proiektuari lotuta jarraituko duela iragarri du.
Bere agur mezuan azaldu duenez, "iritsi da Madrilen lekukoa emateko unea. Baina ez noa: inurri lana ez da inoiz amaitzen".
EH Bilduko kideak bere erabakiaren arrazoiak azaldu ditu. Erantzukizun politikoak bizi-energia eta konpromisoa eskatzen dituela eta bere osasunak "beharrezko energia murriztu" diola aitortu du.
Pozuetak gogora ekarri duenez, 2019ko martxoan EH Bilduk Nafarroan Kongresurako zerrendaburu izatea eskaini zion, Altsasuko gazteen aldeko herri mugimenduaren parte zela.
Lehen ahaleginean ez zuen diputatu akta lortu, baina bai, ordea, azaroan hauteskunde orokorrak berriro egin zirenean.
Geroztik, "Nafarroa anitz, aurrerakoi, euskaldun eta feministaren bozeramaile" izaten ahalegindu dela gaineratu du.
Sei urtean egindako ibilbideaz harro agertu da: "Harro nago azken urte hauetako Estatuko politikaren une garrantzitsuenetan parte hartu izanaz, EH Bilduk bere arrastoa utzi baitu, erantzukizunez eta Hego Euskal Herriko herritarren eta, ondorioz, Nafarroako herritarren bizitza atseginagoa eta duinagoa egiteko helburuarekin".
Azkenik, eskerrak eman dizkio EH Bilduri berarengan jarritako konfiantzagatik eta "indar, poz eta ilusio handiena" opa dizkio Madrilen Nafarroa ordezkatuko duenari.