Eusko Jaurlaritzak presoei emandako baimenen berri emango die banan-banan ETAren biktimei
Orain arte biktimen elkarteek egiten zuten lana zuzenean beteko du Jaurlaritzak hemendik aurrera.
ETAren biktimei banan-banan jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzak Euskadin zigorra betetzen ari diren presoek lortzen dituzten espetxe-baimenen berri. Orain arte, terrorismoaren biktimen elkarteei jakinarazten zizkieten baimen horiek.
Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, "jakinarazpenen kudeaketa hobetzeko" eta biktimei "informazio egokia bermatzeko" helburuarekin, "berraztertu egin da espetxe-baimenen jakinarazpenari aplikatu beharreko irizpidea".
Aldaketa horren helburua da "bateragarri egitea biktimek informazio garrantzitsua jasotzeko duten eskubidea eta jakinarazpenen kudeaketa eraginkorragoa eta homogeneoagoa".
Orain arte erabilitako sistemari buruz, Jaurlaritzak onartu du sistema hori "desegokia" izan dela, "kasuren batean biktimei ez zaizkielako ebazpenak transmititu, eta beste batzuetan espedienteetako alderdi sentikorrak eta babestuak filtratu direlako".
Une honetatik aurrera, legeak aurreikusitako kasuetan espetxe-baimenen berri jaso nahi duen biktima orok zuzenean eska diezaioke Eusko Jaurlaritzari, horretarako gaitutako kanalen bitartez: telefonoz (945016628) ala posta elektroniko bidez (atencionvictimas@euskadi.eus).
Biktimen Arretaren Zuzendaritzak erantzun pertsonalizatua emango du, zalantzak argituko ditu eta legez jasotzea dagokion informazioa eskaini, betiere datuen konfidentzialtasuna eta babesa behar bezala bermatuta.