Marokok bazekien milaka migratzaile Ceutara sartzea prestatzen ari zirela, CNIren arabera
Espainiako zerbitzu sekretuen esanetan, Marokoko agintariek "inplikazio oso irregularra erakutsi zuten krisia prebenitu eta kontrolatzeko", eta migratzaileen fluxua handitu zenean "kalean hedatuta zeuden segurtasun indarretako kideak ez ziren nahikoak".
Migratzaileak, uztailaren amaieran Ceutan.
Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) txosten bat igorri dio uztailaren amaieran Ceutan izan zen migratzaileen sarrera ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon epaileari. Horren arabera, Marokok bazekien aldez aurretik uztailaren 30ean eta 31n sarrera masiboa prestatzen ari zirela. Bertako agintariak "erabat jakitun ziren fluxu hori sortuko zela", txostenaren arabera.
Zerbitzu sekretuen esanetan, ikertzen jarraitu dute "krisiaren fase larrienaren ostean gertatutakoa xehetasunez zehazteko", eta txostenean jasotako informazio eta analisi asko uztailaren 31ren ondoren egindako ikerketetan oinarritzen direla zehaztu dute.
"Ikerketa horiei esker baieztatu ahal izan da sarrera masiboa gertatu baino egun batzuk lehenago Marokoko agintariek bazekitela ezohiko egoera bat sortzen ari zela Ceutara modu irregularrean sartzeko aukeren inguruan, eta ordura arte zegoen segurtasun-dispositiboa indartzea erabaki zutela", dio txostenak. Bertan gehitu dutenez, Marokoko agintariek "zehatz-mehatz ezagutzen zuten sare sozialetan deialdiak zeudela".
Hala ere, CNIren arabera, "praktikan krisia prebenitu eta kontrolatzeko oso inplikazio irregularra erakutsi zuten". Ziurtatu dutenez, sarrera masiboaren aurreko egunera arte, "nolabaiteko proaktibitatea erakutsi zuten igerian sartzen saiatzen zirenak gelditzeko". Jendetza handitzen hasi zenean, ordea, "segurtasun indarren hedapena ez zen nahikoa izan", CNIren ustez, eta "egoera kontrolatu ezina" bihurtu zenean, Marokoko agintariek "ez zuten erreakzio proaktiborik izan".