Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Irunen, terrorismo delitua egotzita
Irailaren 26an, Ertzaintzak Eskoriatzako kontrol batean "segurtasun-indarrei buruzko material susmagarria zeramaten" hiru pertsona identifikatu zituen. Pertsona horietako bi Irungo ertzain-etxean agertu dira gaur, eta atxilotu egin dituzte. Auzitegi Nazionalera eramango dituzte laster.
34 urteko gizon bat eta 22 urteko emakume bat atxilotu ditu gaur Ertzaintzak Irunen, terrorismo-delitua egotzita, segurtasun-indarrei buruzko eta arma zein lehergaiei buruzko informazioa izatea leporatuta, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
"Aurrekari garrantzitsuak" dituzten bi pertsona direla adierazi du Segurtasun Sailak ohar batean, zer aurrekaritaz ari den zehaztu gabe.
Publiko egindako oharrean agertzen denez, irailaren 26an hasi zuen Ertzaintzak ikerketa, Eskoriatzan egindako kontrol batean. Agenteek hiru pertsona identifikatu zituzten segurtasun-indarretako kideen "oso material delikatua zeramatenak", eta "ustez armak eta lehergaiak eduki zitzakeen leku bati buruzko informazioa" ere bai.
Ertzaintzak ikerketa abiatu eta terrorismo-delituetarako eskumena duen Auzitegi Nazionalarekin harremanetan jarri zen, behar ziren pausuak emateko.
Gaur, ikertutako pertsonetako bi Irungo ertzain-etxera joan dira, abokatuarekin batera, eta bertan atxilotu egin dituzte.
Bi atxilotuei deklarazioa hartu eta beharrezko ikerketa-eginbideak egin ondoren, Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituztela lehenbailehen aurreratu du Segurtasun Sailak.
EITBk kontsultatu dituen iturrien arabera, ezker abertzalearekin disidenteak diren pertsonak dira.