Diru-bilketa jaitsi egin da Bizkaian, baina igo Araban eta Gipuzkoan
Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-bilketa % 3 jaitsi da abuztua arte, baina urtea "zenbaki positibotan" bukatzea espero du.
Hain zuzen ere, Bizkaiko Ogasunak 4.119,2 milioi euro bildu ditu urteko lehen zortzi hilabeteetan. Iazko epe berean, 4.248 milioi jaso zituen.
Elena Unzueta Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, jaitsiera hori “hiru ezustekoren ondorio” izan da: atzerapena izan da Elkarteen gaineko Zergaren itzultzean; Estatuari 73 milioi euro eman behar izan dizkiote lurraldean bizi ez diren Pertsona Fisikoen gaineko Errenta dela eta; eta Ogasun Ministerioak 134 milioi euro atxiki ditu, Kupoaren negoziazioan dauden desadostasunak direla eta.
Hala ere, Aldundiak uste du urtea “zenbaki positibotan” bukatuko dutela.
Arabak eta Gipuzkoak aurreikuspenak bete dituzte
Bestalde, Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramailearen esanetan, diru-bilketari dagokionez, aurreikuspenak “betetzen” ari dira.
Horren ildotik, abuztua arte bilketa % 6 igo dela zehaztu du. “Horrenbestez, aspaldi ezarritako kopuruak eta portzentajeak betetzen ari dira”, gaineratu du.
Lasaren esanetan, ikusi beharko dira Arabaren eta Bizkaiaren emaitzak, “baina egoera ona da Gipuzkoan”.
Azkenik, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du aurreikuspenak betetzea “espero” duela.
Gonzalezek aitortu egin du Bizkaiko zenbakiak “kezkagarriak” direla, baina ukatu egin du horrek Araban eraginik izatea.
Zergen bilketa % 10,1 hazi da Araban abuztua arte, hau da, urte amaierarako aurreikuspenak 3 puntu hobetu dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Glovo salatu dute urriaren 3ko denboralean enpresako banatzaileak kalean lanean eduki zituelako
Tubos Reunidos erosteko interesa duten bost inbertitzaileak sindikatuekin bilduko dira datorren astean
ELAk eta LABek "lidergo handiagoa" eskatu diote Jaurlaritzari, LGS propioa negoziatzeko patronala deitu dezan
SpaceX eta Tesla bat egitea aztertzen ari dira erraldoi teknologiko bat sortzeko, Elon Musken babesarekin
Ardogintza sektoreko sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte Arabako Errioxan, hitzarmen baten bila
Albiste izango dira: lehendakariaren bilera ELArekin eta LABekin, fronte hotza eta protestak Frantzian
Lehendakaria ELArekin eta LABekin bilduko da gaur gutxieneko soldata propioaz hitz egiteko
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Gizon bat hil da lan istripuz Bilboko portuan