INDUSTRIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Vicinayren zuzendaritzak 60 lagunentzako kaleratzeak eta gainontzekoentzat aldi baterako espedientea planteatu ditu

Irailean eskaera garrantzitsu bat galdu zuen, eta Sestaon 200 behargineko lantegia duen enpresak jakinarazi zuen "beharrezko neurriak" hartu beharko zituela konpainiaren "bideragarritasuna ziurtatzeko".

Vicinay. Argazkia: EITB

Vicinay enpresaren zuzendaritzak ABEE orokorra eta 60 langilerentzako enplegua erregulatzeko espedientea (EEE) aurkeztu dio gaur langileen batzordeari, bizitzen ari den krisiari aurre egiteko helburuarekin.

Zuzendaritzaren proposamena hau da: "ABEEa (aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea) uztailaren 31ra arte pertsona guztientzat, eta EEEa, 60 pertsonarentzat".

Proposamena azaroaren 9tik aurrera negoziatu beharko da lan ordezkaritzarekin, orduan hasiko baita kontsulta aldia, hilabeterako: "Kontsulta aldi horretan hitz egin eta negoziatu egingo da, pertsonengan ahalik eta eragin txikiena izateko modua bilatzeko".

Enpresak argudiatu duenaren arabera, "merkatuaren zailtasunek" Sestaoko lantegiaren jarduera aldi baterako eta behin betiko jaistera behartzen dute.

Irailean, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak baieztatu zuen Vicinay enpresak "eskaera handi bat" galdu zuela, lan-karga handia emango zion eskaera bat, alegia.

Uztailean, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen enpresa-taldearen erosketan parte hartuko zuela, ECN All Wind enpresaren bitartez. Velora taldeak —Damaso Quintana buru duenak— sortutako dibisioa da ECN All Wind, eta itsasoko energia eolikoan eta elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetan espezializatuta dago.

Operazioa gauzatzeko, Jaurlaritzak berriki sortutako Ezten II Arrisku Kapitaleko Funtsa erabiliko du. Horren bidez, 7,5 milioi euro inbertituko ditu ECN All Winden % 7,8 eskuratzeko. Sozietate horrek izango du Vicinayren jabetza.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X