Industria sailburuak onartu du Vicinayk eskari "oso garrantzitsua" galdu duela
Vicinay Marinek enpresa batzordeari jakinarazi dio "beharrezko neurriak" hartu beharko dituela konpainiaren "etorkizuna ziurtatzeko". "Egoera gainditzeko aukera ezberdinak aztertzen ari gara, langileengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan", jakitera eman dio zuzendaritzak.
Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik onartu du Sestaon (Bizkaia) lantegi bat duen enpesari lan karga handia eman ahal zion "eskari oso garrantzitsu bat" galdu duela Vicinayk.
Kateak eta ainguratze lerroak ekoizten dituen enpresa horren egoera hartu du mintzagai gaurkoan Jauregik. Izan ere, Ekarpen (Kutxabank, Mondragon Taldea eta aldundiak) funtsak eta Jaurlaritzak diru publikoko 7,5 milioi euroko laguntza eman zioten Velorari, Vicinay eros zezan.
Sestaoko lantegian 200 bat pertsonak egiten dute lan gaur egun, eta taldea hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen 2025eko uztailean.
Sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, negoziatzen ari ziren eskariak ez du fruiturik eman. Hori esatera mugatu da Jauregi, ez baitu eskaria galtzeak lantegian izango dituen ondorioei buruz ezer esan.
Vicinayk batzordeari jakinarazi dio "beharrezko neurriak" hartuko dituela
Vicinay Marinek enpresa batzordeari jakinarazi dio "beharrezko neurriak" hartu beharko dituela konpainiaren "etorkizuna ziurtatzeko". "Egoera gainditzeko aukera ezberdinak aztertzen ari gara, langileengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan", adierazi du.
Ildo horretan, langileei gogorarazi die ez dutela lortu aurreikusitako proiektuak kontratatzea, eta horrenbestez, bukatutzat ematen dituztela horren gaineko negoziazioak.
Zehazki, lehiakide txinatar bati esleitu diote eskaria.