i+Medek eta Mondragon Korporazioak protesien estaldurak garatzeko enpresa bat sortu dute
Produktu horren helburua protesiek eragindako arazoak saihestea da; hala nola, ebakuntza osteko infekzioak eta periinzitisa edo hezurraren eta protesiaren arteko integrazio falta.
Arabako i+Med kooperatibak eta Mondragon Korporazioak NanoSPharm enpresa sortu dute, "protesientzako estaldura polimerikoak garatzen dituen teknologia berri bat industrializatu eta merkaturatzeko".
Erakunde horietako bakoitzak % 50eko partaidetza izango du enpresa berri horretan, eta bien artean 8,3 milioi euroko inbertsioa egin dute orain arte.
NanoSPharm gaur bertan aurkeztu dute Arabako Parke Teknologikoan i+Medek duen egoitzan, eta bertan izan dira, besteak beste, Mondragon Korporazioko presidente Pello Rodriguez eta I+Medeko zuzendari Manu Muñoz.
"Protesian biobateragarritasun handiko estaldura bat sortzeko gai den sistema bat garatu nahi du enpresa berriak, osteointegrazioa errazteko, bakterioen aurkako hesi gisa jarduteko, eta, etorkizunean helduko diren bertsioen bidez, bioaktiboen askapen kontrolatua ahalbidetzeko", azaldu dute ohar batean.
Produktu horren helburua protesiek eragindako arazoak saihestea da; hala nola, ebakuntza osteko infekzioak eta periinzitisa edo hezurraren eta protesiaren arteko integrazio falta.
Bi bazkideek asmo dute 2030erako ziurtagiria lortzea.