Gasteizko Udalak 6,5 euroko tasa turistikoa ezarriko du bost izarreko hoteletarako eta etxebizitza turistikoetarako
Udal Gobernuak eta Elkarrekinek astearte honetan akordioa lortu dute egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzeko. Udalbatzak azaroan onartuko du, behin betiko, ordenantza berria eta 2027an sartuko da indarrean.
Gasteiz, airetik ikusita. Artxiboko argazkia: EITB
Gasteizko Udal Gobernuak (PSE-EAJ) eta Elkarrekin Gasteiz taldeak gaur goizean akordioa lortu dute egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzeko. Horren arabera, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera 6,5 euroko kuota aplikatuko da bost izarreko hoteletan eta erabilera turistikorako etxebizitzetan.
Udalak jakinarazi duenez, bildutako dirua turismoaren inpaktua arintzeko erabiliko da eta baita hiriko zerbitzu publikoak hobetzeko eta espazio publikoa kontserbatzeko ere.
Udal Gobernuaren eta Elkarrekin Gasteiz taldearen arteko akordioa asteazken honetan gauzatuko da Ogasun Batzordean, ordenantza berriari taldeek aurkeztutako zuzenketak bozkatzen direnean. Ogasun Batzordean onartu ondotik, Udalbatzak ordenantza onartuko du behin-behinean ostiraleko bilkuran. Azaroan behin betiko onartuko da, eta 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak azpimarratu duenez, "zentzuzkoa da bisitariek (hiriko) baliabideak mantentzen eta hobetzen laguntzea horiek aldi baterako erabiltzen badituzte".
Bestalde, Garbiñe Ruiz Elkarrekin Gasteiz taldearen bozeramaileak azpimarratu duenez, akordio horri esker aurrea hartuko zaie "turistifikazioak etxebizitza sisteman, auzoetan eta bizikidetzan" sor ditzakeen arazoei.