2027an jarriko dute abian etxebizitza sustatzeko funtsa, alokairura bideratutako 2.100 pisu berri eraikita
Funts horrek 2.000 milioi bideratuko ditu, 8 urtean euskal herritarrek arrazoizko alokairuko 10.000 etxebizitza berri izan ditzaten.
Imanol Pradales lehendakariak Euskadiko eta Europako finantza eragileei eskatu die etxebizitza sustatzeko gizarte funtsarekin bat egin dezatela. Funts horrek 2.000 milioi bideratuko ditu, 8 urtean euskal herritarrek arrazoizko alokairuko 10.000 etxebizitza berri izan ditzaten.
2027an hasiko dira lanean. Horrela, lehen fasean 450 milioi euro inbertituko dituzte, Euskadiko hainbat udalerritan lehenengo 2.100 etxebizitzak eraikitzeko.
Pradales izan du buru etxebizitza sustatzeko funtsa aurkezteko Bilboko Euskalduna Jauregian egin duten ekitaldiak. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua eta Nöel d 'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua ere izan dira ekitaldian.
Azaldu dutenez, partaidetza publikoa izango du funts horren herenak, eta pribatua funtsaren bi herenek. Hartara, Finantzen Euskal Institutuak Etxebizitza Sailarekin lankidetzan dituen finantza tresnen bidez egingo dute ekarpen publikoa. Horrek helburu du 8 urtean 2.000 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea, gazteek eta euskal familiek arrazoizko alokairuko 10.000 etxebizitza izan ditzaten eskuragarri.
Esan bezala, 2027an jarriko dute martxan. Lehen fase horretan, 450 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta 2.100 etxebizitza eraikiko dituzte.
"Gure ardura da tresna berri hau berme guztiekin diseinatzea eraginkorra izan dadin, baina hori ez da nahikoa, Euskadiko eta Europako finantza eragileen bultzada behar dugu arrakasta izateko. Horregatik, gaur, hemen, konfiantza izateko eta apustu horrekin bat egiteko deia egiten dut", eskatu du lehendakariak.
Halaber, esan du bide horretan aurrera egiteko orduan ezinbestekoa dela indarrak batzea. "Herrialde gisa ditugun erronkei erantzun behar diegu. Ziur nago, berriro ere, lortuko dugula", gaineratu du.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak aurreratu duenez, 2027an, zehazki 2.065 etxebizitza eraikiko dituzte; tartean, Zabalganan (Gasteiz) aurreikusitako 500 etxebizitzak eta Zorrotzaurren (Bilbo) aurreikusitako 72 etxebizitzak.