ELAk lanbide arteko akordioa bilatuko du langileek lanorduetan euskara ikasi ahal dezaten
Sindikatuak "inplikazioa" eskatu die, batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta, bestetik, beste eragile eta patronalari, lanbide arteko akordioa lortzeko.
Langileek lan orduetan euskara ikasteko aukera izan dezaten lanbide arteko akordioa bilatuko du ELAk, sindikatuen eta patronalen artean. Balizko akordio horrek lan munduan euskara ikasteko eskubidea jasoko luke.
Gaur goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan Pello Igeregi ELAko euskara arduradunak azaldu duenez, langileek euskara ikasteko gaur egun duten oztopo nagusia "lan-baldintza prekarioak" dira.
"Euskara ikastea eta lan produktiboa zein familia-kontziliazioa uztartzea oso zaila da", nabarmendu du. Horregatik, euskara ikasteko aukera emango duten lan-baldintzak izatea ezinbestekoa da, Igeregiren arabera, helduak euskalduntzeko. Lan-araudia Espainiako Estatuak monopolizatzen duen bitartean, horrelako araudi bat patronalen eta sindikatuen arteko lanbide arteko akordio baten bidez soilik lortu ahal izango dela gehitu du.
ELAk "inplikazioa" eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, bi erakunde horiek horrelako akordio bat lortzeko ezinbestekoak direlakoan eragile eta patronalarekin batera.
Bestalde, aldibereko itzulpen zerbitzuak lan munduko beste eremu batzuetara hedatzea eskatu du ELAk. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren aldibereko itzulpen zerbitzua ordainpekoa izatea salatu du, baita Eusko Jaurlaritzako sailei edo haren mendeko erakundeei eskaintzen zaienean ere.