Euroguneko inflazioa % 3,2ra igo zen abuztuan, aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago
Energiaren prezioak izan zuen hazkunderik nabarmenena, % 14,3 igo baitzen iazko abuztuaren aldean.
Hainbat lagun, plazan. Argazkia: EFE
Euroguneko inflazioa % 3,2ra igo zen, urtearteko datuari dagokionez, aurreko hilean baino hiru hamarren gehiago, baina aurretiaz egindako kalkulua baino hamarren bat gutxiago, Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak ostegun honetan argitaratutako datuen arabera.
Energiaren prezioak izan zuen hazkunderik nabarmenena (% 14,3); zerbitzuen prezioa % 3 igo zen; elikagai freskoena, % 2,7; industria ondasun ez-energetikoena, % 1,2 eta elikagai prozesatuena, % 0,5.
Gainera, azpiko inflazio-tasak (energiaren, elikagai freskoen, alkoholaren eta tabakoaren prezioak alde batera uzten dituena, eta EBZren moneta-politikarako erreferentzia nagusia dena) ez du gorabehera handirik izan, eta abuztuan hamarren bat galdu zuen, uztailarekin alderatuta (% 2,4).
Erosketa-saskia are gehiago garestitu zen abuztuan ekonomia handi guztietan, Espainiako Estatuan gehien, bere inflazio-tasa sei hamarren igo eta % 4,6ra iritsi baitzen, Eurostaten kalkulu harmonizatuaren arabera (aurrez egindako kalkulua baino hamarren bat gehiago).
Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak igo eta astebetera zabaldu da datua.
Europako Banku Zentralak inflazio aurreikuspenak eguneratu zituen joan den ostegunean, eta horien arabera, erosketa-saskia % 3 garestituko da 2026an (ekaineko aurreko proiekzioa ez da aldatu, hortaz); % 2,5, 2027an (aurrekoan % 2,3) eta % 2,1, 2028an (aurrekoan % 2).