Argindarraren prezioak gora egin du iraileko lehen hamabostaldian eta 2022tik izan den ordainagiririk altuenera iritsi daiteke
Facua elkartearen arabera, prezioek bide beretik jarraitzen badute, erabiltzaile arrunt baten faktura 106 euro ingurukoa izan daiteke.
Argindarraren prezioak gora egin du iraileko lehen hamabostaldian, eta Facua Consumidores en Accion elkarteak 100 eurotik gorako ordainagiri bat aurreikusten du tarifa arautua dutenentzat, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP) izenekoa. Baieztatuz gero, iraileko faktura 2022tik garestiena izan liteke, Ukrainako gerrak eragindako krisi betean prezioak gora egin baitzuten.
Facuaren datuen arabera, prezioak hilaren lehen hamabostaldian egon diren mailan mantentzen badira, 106,57 euroko prezio estimatura iritsi liteke faktura. 2022ra jo behar da iraileko faktura altuagoa aurkitzeko; 137,93 eurokoa izan zen orduan.
Urte arteko bilakaerari dagokionez, hilabete honetako lehen hamabostaldian % 30,5 igo da ordainagiria, 2025eko iraileko aldi berarekin alderatuta.
Goranzko bidean maiatzetik
Erabiltzaile ertainaren fakturak etengabe egin du gora maiatzetik. Apirilean 60,99 eurokoa izan zen, maiatzean 75,63 eurokoa, ekainean 79,08 eurora igo zen, uztailean 93,65 eurora eta abuztuan 96,65 eurora. Abuztua izan da aurtengo hilabeterik garestiena elkartearen datuen arabera.
Hala, Facuak "sakoneko arau aldaketak" eskatu dizkio Gobernuari, "sorkuntza elektrikoaren sektorean dauden gehiegizko marjinekin amaitzeko".