Eusko Jaurlaritzak euskara babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatzeko prozesuari ekin dio
Ekimen horren bidez, euskarari "prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa" eman nahi dio.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hasiera eman dio euskara babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatzeko prozedurari, euskarak euskal kultura sortu, transmititu eta birsortzeko duen gaitasuna aitortzeko. Prozedurari hasiera emateko ebazpena gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Aitortza horren barruan sartuko lirateke euskarari estu lotutako adierazpen kultural guztiak, hala nola bertsolaritza, toponimia, abestiak, atsotitzak eta herri-kontakizunak, eta baita jaiak, gastronomia, musika, dantza eta lurraldearekin lotutako ezagutzak ere.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, "euskara ez da komunikazio-tresna hutsa", "kultura baten adierazpide eta transmisio-bide ere bada".
Ildo horretan, adierazi du ondarea ez dela "iragana bere horretan kontserbatzea", baizik eta "iraganari etorkizuna ematea", hura berrituz eta hurrengo belaunaldiei transmitituz.
Euskarari "prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa" emateko
Ondare kultural inmaterialen kasuan, Jaurlaritzak komunitatearen garrantzia azpimarratu du, "komunitate eramailea" deiturikoak euskara eta kultura ezagutu, erabili eta transmititzen dituelako, eta "komunitate biziak", berriz, ondare hori bizi, sentitu eta jaso. Bi horien arteko "transmisioari esker bizirauten du ondareak", Jaurlaritzak oharrean adierazi duenez.
Prozedura Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean oinarritzen da juridikoki. Kategoria horren barruan dago bertsolaritza, 2024an Euskadin babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatu zen lehenengoa.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, informatzeko eta entzunaldiak egiteko 20 eguneko epea irekiko da. Amaitu ondoren, espedienteak bere bidea jarraituko du, eta hala badagokio, euskara babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatuko dute Gobernu Kontseiluaren dekretu bidez.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, aitortza horrek euskarari "prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa emango lioke, euskal kulturaren transmisiorako duen funtsezko eginkizuna ondarearen ikuspegitik ere aitortuz".