Berriro itzali dute Derion, Loiuko aireportutik gertu, berpiztu zen sutea
Sua astelehenean piztu zen San Isidro auzoko baso-eremu batean. Suhiltzaileek sugarrak erabat itzaltzea lortu zuten arren, sua berriro piztu zen eta lanean jardun dira goizaldera arte.
Derion (Bizkaia) astelehen arratsaldean piztutako baso-sutea itzalita bazuten ere, astearte arratsaldean berriro piztu zen eta goizaldeko 01:30ean lortu dute berriro itzaltzea, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Sua astelehenean piztu zen, 20:30 aldera, San Isidro auzoko baso batean, Aiartza mendian, Loiuko aireportutik oso gertu. Zorionez, gertakariak ez zuen eraginik izan aireportuko instalazioen funtzionamenduan, eta ez zen etxebizitzarik kaltetu; hala ere, gaueko itzaltze-lanetan inguruko baserrietako bi bizilagun etxetik aterarazi zituzten, prebentzio gisa.
Suhiltzaileek gogor lan egin zuten gau osoan, goizaldeko 05:30ak aldera garrak erabat itzaltzea lortu zuten arte. Itzalitzat jo ondoren, zaintza-talde bat geratu zen bertan lurra freskatzeko, baina sugarrak berriro piztu ziren astearte arratsaldean, eta gaur goizaldean lortu dute berriro itzaltzea.