ZINEMALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal zinemak irailaren 22an ospatuko du gala handia, Zinemaldian eta EITBren eskutik

Miren Gaztañaga eta Ane Gabarain aktoreek aurkeztuko dute Victoria Eugenia antzokian egingo den gala. Jose Ramon Soroiz aktoreak Zinemira Saria jasoko du, eta Alberto Gastesi gidoilari eta zuzendariak EITBren Egile Berriak saria. ETBk eta ETB ONek zuzenean eskainiko dute.
Iragarkia
18:00 - 20:00

Zinemaldia ate joka dagoen honetan, Jose Luis Rebordinos zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena sendotu dute astelehen honetan, Euskal Zinemaren Gala Handiari bultzada berri bat emanez. Hain zuzen ere, euskal zinemaren gala datorren irailaren 22an egingo da Victoria Eugenia antzokian, Miren Gaztañaga eta Ane Gabarain aktoreek aurkeztuko dute, eta ETBk eta ETB ONek zuzenean eskainiko dute.

Aurretik, euskal zinemako eragile guztiek alfonbra hartuko dute ordubetez, eta une hori ere zuzenean eskainiko da kanal horietan. 

Aurten, EITBk Egile Berriak Saria emango dio Alberto Gastesi donostiarrari, jakin-minak, sormenezko kezkek eta ikus-entzunezko eremu berriak esploratzeko etengabeko nahiak markatutako ibilbide zinematografikoagatik. 

Gainera, Euskal Herriko Gidoilari Onenaren GIDOI + SGAE Saria Alauda Ruiz de Azuak jasoko du, 2025eko Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen Los domingos film luzean egindako lanagatik. 

Era berean, Los domingos filmak aurtengo EZAE Saria jasoko du, zinema-aretoetara ikusle gehien eraman dituen euskal ekoizpena nabarmentzen duen golardoa. 

Lehen aldiz, Euskadiko Filmategiak bere sari historikoa emango du Euskal Zinemaren Gala Handian. Ana Diez zuzendari nafarrak jasoko du garaikurra, euskal zinematekak eta EITBk, Eusko Jaurlaritzaren babespean, Ander eta Yul (Ana Diez, 1989) zaharberritu ondoren. 

EAB Distira Saria Aitziber Garmendiarentzat izango da. Euskal Aktoreen Batasunak haren azken urteotako lanen bikaintasuna ez ezik, interpretazioarekiko zorroztasunez, talentuz eta konpromisoz eraikitako ibilbide sendoa ere nabarmendu ditu.

Azkenik, Zinemaldiak eta EPE IBAIAk (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Independenteen Elkartea) ematen duten Zinemira Saria Jose Ramon Soroizek jasoko du. Lau hamarkadatik gorako ibilbide profesional bikaina eta euskal zinemaren garapenean zein sendotzean izan duen ezinbesteko ekarpena aitortuko zaio.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

'Naza', Veneziako Mostra hunkituta utzi duen Gazako sarraskiari buruzko dokumentala

Gazako sarraskia salatzen duen dokumentalak ikus-entzuleak hunkituta utzi ditu ostegun honetan Veneziako Nazioarteko Zinemaldian. Yuval Abraham eta Rachel Szor israeldarrek zuzendutako filmak agente israeldarren testigantzak biltzen ditu, Palestina suntsitzeko eta palestinarrak erailtzeko jarraitutako estrategia militar eta teknologikoaren inguruan. Filma aurtengo Donostiako Zinemaldian izango da ikusgai, Perlak sailaren barruan.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X