DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hasi da Zinemaldiko sarreren salmenta

09:00etan zabaldu da online zein leihatiletan sarrerak erosteko aukera. Sarrerak modu mailakatuan salduko dituzte; horrela, gaur lehen hiru egunetarako sarrerak soilik jarri dituzte eskuragarri.

MAM-eko argazkia: zinemaldia-colas-eitb_
Sarrerak erosteko ilara luzeak izan dira aurreko edizioetan. Argazkia: EITB.

Igandean, irailaren 13an, jarri dituzte salgai Donostiako 74. Zinemaldiko pelikulak ikusteko sarrerak, 09:00etatik aurrera, hain zuzen. Orain arte, aurresalmentan egon dira Belodromoko saioetarako, Culinary Zinemako proiekzioetarako eta galetarako sarrerak, eta horien salmenta "oso ongi" doala aitortu du Jose Luis Rebordinos zuzendariak.

Zinema emanaldietarako sarreren salmenta mailakatua izango da aurten ere; alegia, gaur lehen hiru egunetakoak soilik eskuratu ahal izango dira, eta hurrengo egunetan egongo da aukera gehiago erosteko. Zehazki, honela banatuko da:

  • Irailaren 13an: Hilaren 18, 19, 20ko emanaldietarako salmenta.
  • Irailaren 14an: Hilaren 21, 22, 23ko emanaldietarako eta aurreko egunetako soberakinen salmenta.
  • Irailaren 15ean: Hilaren 24, 25, 26ko emanaldietarako eta aurreko egunetako soberakinen salmenta.
  • Irailaren 16tik aurrera: Zinemaldiko egun guztietarako sarrerak.

Sarrerak bi modutara egongo dira eskuragarri: online Zinemaldiaren webgune ofizialaren bidez eta Kutxabanken sarreren webgunean, eta baita Zinemaldi Plazako leihatiletan ere (Kursaal jauregian).

Gainerako aretoetan (Victoria Eugenia, Principe, Trueba, Antiguo Berri eta Antzoki Nagusia) irailaren 18tik aurrera egingo da salmenta. 

Zinemaldiak hainbat deskontu iragarri ditu Donostia Kultura edota Gazte Txartela duten erosleentzat; baita % 25eko deskontua ere erosketa bakar batean 10 sarrera edo gehiago hartuz gero.

Gala batzuetarako sarrerak, ia agortuta

Sarreren salmenta orokorra igandean hasiko bada ere, saio batzuetarako sarrerak aurresalmentan jarri zituzten duela egun batzuk: Belodromoko saioetarakoak, Culinary Zinemako saioak (afari tematiko bat barne dutenak) eta Irekiera, Itxiera eta Donostia Sarien galetarako sarrerak.

Sarrera horien salmenta "oso ongi" doala esan zuen ostegunean Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, eta gala batzuetarako sarrerak "ia agortuta" daudela iragarri zuen; Naomi Watts aktoreak Donostia saria jasoko duen galarakoak, esate baterako.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X