25 urte, I-11tik : Horrela gertatu zen mundu osoa dardarka jarri zuen eraso terrorista
Lau bidaiari-hegazkin bahitu eta Estatu Batuen erdigunea lehertu zuen Al-Qaidak gaur 25 urte. George W. Bush AEBko orduko presidentearen erantzuna berehala etorri zen, aurrekaririk gabeko terrorismoaren aurkako gerra abiaraziz.
Suhiltzaile eta erreskate taldeak, World Trade Centerren (New York), atentatuen egunean. Argazkia: EFE
Ia 3.000 pertsona hil ziren Al-Qaida talde islamiarrak 2001eko irailaren 11n Estatu Batuetan egindako erasoetan. New York erdiguneko Dorre Bikiak eta Pentagonoa, AEBko Defentsa Departamentuaren egoitza, eraitsi zituzten, bahitutako hiru hegazkin haien kontra leherrarazita. Laugarren bat Pennsylvanian erori zen, helburura iritsi aurretik. Aro berri bat zabaldu zen nazioarteko politikan.
Astearte goiza zen, 08:45 Estatu Batuetan (14:45, Euskal Herrian). American Airlines aire konpainiako Boeing 767 hegazkin batek Dorre Bikietako baten kontra jo zuen bete-betean, eta handik 18 minutura, United Airlineseko Boeing 757 aparatu bat beste dorrearen aurka lehertu zen. Bidaiari-hegazkinak ziren.
Komunikabide handienak zuzenean ematen ari ziren gertatzen ari zenaren irudiak, eta mundua begira zuten. Istripua izan zela esatera iritsi baziren ere, berehala zabaldu zen terrorismoaren mamua. George W. Bush AEBko orduko presidenteak Floridan jaso zuen berria, eskola bat bisitatzen ari zela, eta bera izan zen atentatu terrorista izan zela baieztatu zuena. Osama Bin Ladenen izena lau haizeetara zabaltzen hasi zen, erasoen erantzule modura.
Anabasaren erdian, 09:37 zirenean, hirugarren hegazkin bat lehertu zen Pentagonoaren kontra, hori ere, American Airlines konpainiaren bidaiari-hegazkina. Handik gutxira, Pennsylvanian lursail baten erdira erori zen laugarren aparatu bat, kontrola galduta.
Ikerketen arabera, lau hegazkinok bahitu egin zituzten Al-Qaidako hainbat kidek, ondoren atentatuak egiteko.
Terrorismoaren kontrako gerra
Bush presidentearen erantzuna berehala etorri zen, eta terrorismoaren aurkako aurrekaririk gabeko gerra abiarazi zuen. Al Qaida eta talde horren burua, Osama Bin Laden, akabatzea jarri zuen helburutzat.
Sarraskia gertatu eta bederatzi egunera herritarren aurrean eskaini zuen hitzaldian, estatubatuarren historian jasota geratu den galdera bota zuen: "Zergatik gorrotatzen gaituzte? Hori galdetuko diozue zeuen buruari. Hemen ikusten ari zaretena gorrotatzen dute, herritarrek demokratikoki aukeratutako Gobernua", esan zuen Bushek Kongresutik.
Terrorismoaren kontrako gerra martxan zen, epemuga eta ortzi-muga jakinik gabe. Demokraziaren eta mendebaldearen balioen defentsan, denak balio duen ustea bere egin zuen AEBko presidenteak.
Besteak beste, 2001eko urrian iritsi ziren lehendabiziko bonbardaketak Afganistanera, eta hamar urte geroago, 2011n, Bin Laden hil zuten arren, gerra ez zen hor eten. 2021era arte luzatu da gerra, talibanek atzera berriz boterea bereganatu eta tropa estatubatuarrek handik alde egitea erabaki dutenean.
Epaiketa, 2028an
Bere burua atentatuen gidaritzat jo zuen Sheij Mohameden eta beste hiru akusatuen (Ammar al Baluchi, Walid bin Attash eta Mustafa al Hawsawi) aurkako epaiketa 2028ko ekainaren 5ean abiatzea erabaki zuen, joan den abuztuan, Michael Schrama epaile militarrak.
2006ko irailetik, Guantanamoko base militarrean daude laurak, eta haien kontrako auzibidea, atzerapenez jositako prozesu amaigabe bat ari da izaten.
Fiskaltzak epaiketa 2027ko urtarrilean hastea eskatu zuen, baina Schrama epaileak ez zuen ontzat eman data hori, egingarria ez zela iritzita.
Mohamed, Al Baluchi, Attash eta Al Hawsawi akusatuen aurkako karguak 2008an aurkeztu zituzten lehen aldiz, batzorde militar baten aurrean, atentatu terroristak egotzita.
2024ko uztailean, horietako hiru akordio batera iritsi ziren fiskal militarrekin; euren burua errudun jotzeko prest agertu ziren, heriotza zigorra saihesteko, baina handik denbora batera baliogabe utzi zuten itun hura.
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen erregularizazioa "Espainiari dagokio, baina eragina du haratago”, Von der Leyenen ustez
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango