Etxebizitza turistikoaren jarduera eta gune tentsionatuetan bigarren etxebizitzak erostea mugatu nahi ditu Europak
Etxebizitza krisia dela eta, Europa osoan dagoen arazo larriari heldu nahi dio Bruselak, eta gaur lege berri bat aurkeztu du. Besteak beste, murriztu egin nahi du etxebizitza turistikoaren jarduera eta baita gune tentsionatuetan bigarren etxebizitzak erostea.
Etxebizitza turistiko bat identifikatzeko plaka baten irudia, Donostian.
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, tentsiopeko eremuetan alokairu turistikoak murriztu eta bigarren etxebizitzak mugatzea proposatu du gaur Bruselak, tokiko erakundeei berme juridikoak eskainita.
Etxebizitza Eskuragarriaren Lege-proiektua aurkeztu du Europar Batzordeak, eta bertan, lehen aldiz eremu tentsionatu izendatzeko irizpide bateratuak finkatu ditu. Arauak betetzen ez direnean gobernuek edota udalek esku-hartzeko aukera izango dute.
Orain, Europar Parlamentuak eta Europar Kontseiluak eztabaidatu behar dute testua, indarrean sartu aurretik.
Jarraian, arauaren gako nagusiak:
- Bi dira mugatu nahi diren jarduerak: eremu tentsionatuetan dauden bigarren etxebizitzak eta alokairu turistikoak. Legeak ez ditu arautuko epe luzeko alokairuak, eraikuntzak, hiri planifikazioa edota plataformen erregistroa.
- Eremu tentsionatu izendapena ezartzeko, etxebizitzen batezbesteko prezioa herritarren errenta baino zortzi bider altuagoa izan beharko da eta, gutxienez, hiru urtetara ez da prezio jaitsierarik aurreikusiko.
- Ezarritako neurriak bost urteko iraupena izango dute, eta hortik aurrera berrikusi egin beharko dira.
- Etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko planak martxan jartzea aholkatuko zaie tokiko erakundeei, baimenak eta lurzoruak errazteko eskatuz.
- Dagoeneko tentsiopeko eremu izendapenerako legedia ezarrita duten gobernuek ez dute Europako araudira egokitzeko derrigortasunik izango.
Taldeak, zatituta
Askotariko iritziak eragin ditu Europak gaur mahai gainean jarri duen testuak; oro har, eskuineko blokea kontra agertu da, eta ezkerrekoak aurrerapausotzat jo du.
Borja Gimenez (PP) eurodiputatuak eta arauaren txostengileetako batek gogor kritikatu du proposamena. Haren hitzetan, "aurreiritzi ideologikoen" eta "populismoaren" gainean eraikitako lege-proiektua da.
Talde sozialistak, berriz, txalotu egin du urratsa, udalei eta gobernuei esku-hartzeko aukera ematea erabaki egokia dela iritzita. Hori bai, etxebizitza herritar guztientzat eskuragarri egon dadin, Europak finantzazioa indartzea ezinbestekotzat jo du.
Halaber, begi onez hartu du araua Aibnb plataformak ere, berme juridikoak ezarriko dituelako, baina uste du ez duela etxebizitzaren arazoa konponduko. Datuak jarri ditu mahi gainean: EBko etxebizitza guztien % 1 omen dago alokairu turistikora bideratuta, eta bost etxebizitzatatik bat hutsik dago.
Eustaten datuen erabera, Europan etxebizitzaren prezioa % 65 garestitu da 2015etik, eta alokairuek, berriz, % 22 egin dute gora.
Era berean, 2018 eta 2024 artean alokairu turistikoa % 93 hazi zen.