EITB DATA – OSASUN MENTALA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasun mentalaren inguruko kontzientzia gero eta handiagoa da euskal gizartean

Azken urteetan handitu egin da ondoez psikologikoren bat pairatzen dutela eta laguntza behar dutela adierazten duten EAEko biztanleen kopurua; 2018an % 13 izatetik 2023an % 22,4 izatera igaro da. Duela ez asko, gaitz horiek ezkutatu egiten ziren, orain publikoki aitortzen hasi gara, baita konponbidea bilatzen ere.

Osasun mentala euskal gizartearen kezka handienetako bat bihurtu da azken hamarkadan. Covid-19aren pandemiak inflexio-puntu gisa jardun zuen, eta, gaur egun, gai horrek duen garrantziari buruzko kontzientziazioa handiagoa da: gutxiago ezkutatzen da, gehiago hitz egiten da eta konponbideak bilatzen dira.

EITB Datak egindako azken txostenean, osasun mentalaren prebalentzia, gehien eragiten dien pertsona mota, laguntza profesionalaren eskariaren bilakaera eta gaitzaren adierazpen larriena, suizidioa, aztertu dira.

Txostenaren gako nagusietako bat da azken urtean antsietate- eta depresio-sintomak dituztela adierazten duten biztanleen kopurua handitu egin dela: 2018an % 13 zen, eta 2023an % 22,1era iritsi zen.

Emakumeei eta 75 urtetik gorakoei eragiten die gehien

Hala ere, sufrimendu psikologikoak ez du berdin eragiten gizarteko esparru guztietan. Adierazleen arabera, sintomen gorakada modu ezberdinean banatzen da sexuaren, adinaren eta lan egoeraren arabera.

Alde batetik, genero-arrakalak urteetan zehar irauten du: sintomak dituztela aitortzen duten emakumeen ehunekoa (% 26,5) altuagoa da gizonena baino (% 17,7).

Bestalde, adina ere kontuan hartu beharreko faktorea da. Adin-tarte altuenetan, pertsona gehiagori eragiten dio; 75 urtetik gorako biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 57,1) sintomak dituela adierazten du.

Hala ere, azken urteetan, gazteak izan dira beren osasun-mentalaren narriadura handiena jasan dutenak: prebalentzia % 15,8koa zen pandemia baino lehen eta % 39,4koa 2023an.

Arreta profesionala eskatzen dutenen igoera

Kontzientziazioaren eta sintomen adierazpen horren igoera ematearekin batera, gora egin dute, baita ere, konponbideak eta laguntza profesionala bilatzeko ahalegina egiten dutenen kopuruak. EITB Data azterketak azaleratu duenez, psikiatriako kontsulta batera joaten diren pertsonen ehunekoa bikoiztu egin da bost urtean.

Buru-osasunaren narriaduraren adierazpenik muturrekoena jokabide suizida da. Kasu honetan, bi profil oso desberdin antzeman dira: emakume gazteek (15-24 urte) adierazten dute gehien pentsamendu suizidak dituztela (% 15); 65 urtetik gorako gizonek, berriz, suizidio-tasarik altuena dute.

Horrenbestez, EITB Dataren datuek erakusten dutenez, osasun mentalak ikusgaitasuna irabazi du, eta ezkutatzen den gaia izateari utzi dio, nahiz eta ez dion gizarte osoari berdin eragiten.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X