PISA txostena: Atzerakada nabarmena Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzetan
Mundu osoan prestigio handia duen hezkuntza-diagnostiko honek agerian utzi du Nafarroako eta Euskadiko ikasleek gaitasun guztietan egin dutela behera; hain zuzen ere, zientzian, matematikan eta irakurmenean. Nolanahi ere, matematiketan bi erkidegoak Estatuko batez bestekoaren gainetik kokatzea lortu dute.
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) astelehen honetan argitaratu du PISA txostena, iaz 80 herrialdetako 15-16 urteko ikasleei egindako azterketaren emaitzekin.
Mundu osoan prestigio handia duen hezkuntza-diagnostiko honek agerian utzi du Hego Euskal Herriko ikasleek konpetentzia guztietan egin dutela behera, alegia, zientzian, matematikan eta irakurmenean; nahiz eta bi erkidegoek lortu duten matematikan Estatuko batez bestekoaren gainetik kokatzea.
PISA txostenaren datuak Euskadin
EAEko ikasleek irakurmenean izan dute jaitsierarik handiena. Azken hiru urte hauetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 16 urte arteko ikasleek 47 puntuko galera izan dute. Euskal Autonomia Erkidegoak 419 puntu eskuratu ditu; 2003tik izandako emaitzarik okerrena da, eta Estatuko batez bestekoaren (451 puntu) azpitik dago. Irakurmenean, hala ere, jaitsiera orokorra izan da erkidego guztietan eta mundu mailan: historiako beherakadarik handiena izan da.
Zientzian ere behera egin dute EAEko ikasleek: aurreko emaitzekin alderatuta, 21 puntu gutxiago eskuratu dituzte (459 puntu), eta kasu honetan ere, Estatuko batez bestekoaren azpitik kokatu dira.
Matematiketan ere antzeko jaitsiera izan da: 22 puntuko galera hiru urtetan, lehengo 482 puntuetatik 460ra pasatuta. Matematiketan, ordea, justu-justu bada ere, Estatuko batez bestekoaren gainetik kokatu da Euskal Autonomia Erkidegoa.
PISA txostenaren datuak Nafarroan
Foru Komunitateak batez bestekoa baino askoz beherakada handiagoa izan du: hiru gaitasunetan Estatuko batez bestekoaren gainetik egotetik, matematiketan soilik gailentzera igaro da.
Agertoki honetan, Nafarroako ikasleek beheranzko joera berretsi dute, eta aurreko txostenarekin alderatuta, 2022koa, alegia, jaitsiera nabarmena izan dute hiru ikasgai nagusietan; nolanahi ere, matematiketan nabarmentzea lortu dute, Estatuko batez bestekoaren gainetik kokatu baitira 461 punturekin.
Aitzitik, zientzian eta irakurmenean, errendimendua Espainiako, EBko eta ELGAko batez bestekoen azpitik dago; hain zuzen ere, irakurmenean izan da jaitsierarik handiena, 441 punturekin.
Hiru urte eskasean, nafar ikasleek 492 puntu izatetik 461 izatera pasatu dira matematiketan, hau da, 31 puntu galdu dituzte. Irakurmenean, beherakada 2022ko 478 puntuetatik 2025eko 441etara iritsi da (37 puntu gutxiago), eta zientzietan, berriz, 489 puntutatik 472ra igaro da Nafarroa, 17 puntuko galerarekin.
Pantailen erabilera eta irakurketa azkarra
Hego Euskal Herriko ikasleen artean izandako atzerakada ez da kasu isolatu bat, hezkuntza-krisi global baten testuinguruan kokatzen baita. ELGAren PISA txostenak ohartarazi du pantailen gehiegizko erabilerak errendimendu akademiko orokorrari kalte egin diola, eta bereziki eragin diola irakurmenari.
Erakundearen arabera, gazteak ez dira gai testu luzeak prozesatzeko, eta irakurketa azkar eta azalekoa egiten dute.