SUTEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gardelegiko zabortegian piztutako sutea itzaltzeko lanek aurrera jarraitzen dute Gasteizen

Sua atzo arratsaldean piztu zen materia organikoa biltzeko tokian eta, momentuz, sutea perimetratuta dagoen arren, materialen izaerak sua erabat itzaltzeko lanak moteltzen ditu.

Iragarkia
18:00 - 20:00
Gasteizko Gardelegiko zabortegian piztutako sutearen irudia.

Atzo arratsaldean Gasteizko Gardelegiko zabortegian piztutako sutea kontrolpean dago. Eremua inguratuta dago, eta ez dago inguruko baso-eremura zabaltzeko arriskurik. Hala ere, itzaltze lanak zailak izaten ari dira, pilatutako hondakinen barne-errekuntza tarteko, eta ondorioz suhiltzaileak etengabe ari dira eremua hozten.

Zabortegia Arabako hiriburuaren hegoaldean dago, Gasteizko Mendien oinean, eta sua material organikoa metatu eta tratatzeko eremu zehatz batean hasi zen atzo arratsaldean. Astearte goiz honetan, baina, aurrera jarraitzen dute itzaltze-lanek sua erabat itzaltzeko.

Udal iturriek azaldu dutenez, larrialdi-zerbitzuak gau osoan aritu dira ura bota eta bota. Adierazi dutenez, fokoa oso zaila da itzaltzen erretzen ari den materialaren izaera dela eta. Zailtasun horri zabortegian bertan hidranterik ez egotea gehitu behar zaio. Ondorioz, kamioiek ur-hornidura kargatzeko joan-etorriak egiten ari dira etengabe.

Udalak zehaztu duenez, sortutako kea eta herritarrek nabaritutako erre usaina —gaueko tenperatura jaitsierak eta haize aldaketek eragindakoa— ohiko fenomenoa da horrelako egoeretan. Testuinguru horretan azpimarratu dute ke horrek ez duela inolako arriskurik ekartzen herritarren osasunerako.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X