HILKETA AZPEITIAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Epaileak behin-behinean espetxera bidali du Azpeitiko taxilaria hiltzeagatik akusatutako gizona

Hilketa delitua egotzita bidali du Azpeitiko epaileak kartzelara akusatua. 43 urteko gizonak bere burua entregatu zuen larunbat goizaldean Ondarroako ertzain-etxean, eta poliziaren esku egon da ordutik. Atxilotu zutenean arma bat zeukan gizonezkoak, baina oraindik ez dakite hilketan erabili zuena ote den.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Ertzaintzaren auto bat, hilketa gertatu zen tokitik gertu. Argazkia: EFE

Azpeitiko epaile batek behin-behineko espetxeratzea agindu du irailaren 1ean Azpeitian (Gipuzkoa) taxi gidari bat hiltzea egotzita atxilotutako gizonarentzako. Epaileak hilketa delitua leporatu dio.

43 urteko gizasemea bere kabuz agertu zen larunbat goizaldean Ondarroako (Bizkaia) ertzain-etxean, eta bertan atxilotuta geratu zen. 

Beharrezko izapideak eginda, goizean eraman dute epailearen aurrera eta lau orduz deklaratu ondoren, espetxera bidali du Azpeitiko instrukzio epaileak, behin-behinean.

Komisarian entregatu zenean arma bat zeraman soinean, eta Ertzaintza hilketan erabilikoa ote den argitzeko lanean ari da.

Era berean, hilketa gertatu eta Ondarroako komisarian agertu zen arte igaro ziren lau egunetan zer egin zuen, non egon zen ezkutatuta, eta ihes egiteko inoren laguntza izan ote zuen argitu nahi du Poliziak, baita zer harreman zegoen ustezko hiltzailearen eta hildakoaren artean, eta zein izan ote daitekeen hilketaren arrazoia.

Hilketa asteartean jazo zen, 20:15 aldera, Azpeitiko Artzubia etorbidean. Biktimak, 31 urteko taxi gidariak, hainbat tiro jaso zituen, eta zaurien larritasunaren ondorioz, bertan hil zen. Erasotzaileak ihes egin zuen.

Ertzaintzak bilaketa operatibo zabala ezarri zuen eta Azpeitiko zein Azkoitiko hainbat etxe miatu zituen baina emaitzarik gabe. Azkenean, bera agertu zen larunbat goizaldean Ondarroako komisarian.

Gerora jakin denez, atxilotutakoak aurrekariak ditu droga trafikoarengatik. Hiru aldiz egon da atxilotuta arrazoi horregatik eta 11 urteko espetxe zigorra ere ezarri zioten. Zazpi urte egin zituen Martuteneko espetxean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X