Ondarroan atxilotu dute Azpeitiko ustezko hiltzailea
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, larunbat goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du Ondarroako ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Azpeitian joan den asteartean izandako hilketaren ustezko egilea epailearen aurretik igarotzeko zain dago, Ertzaintzak larunbat honetan Ondarroan atxilotu ostean. 43 urteko gizona bere kabuz agertu da Bizkaiko udalerriko ertzain-etxean. Antza denez, beste gizon bat hil zuen, su-arma batekin hainbat tiro jaurti ostean. Orain-ek jakin duenez, atxilotuak arma bat zeraman soinean, baina ez dute jakinarazi hilketan erabilitkoa ote den.
Asteartean, irailaren 1ean, 20:15 aldera, Azpeitiko Artzubia etorbidean, gizon batek beste bat hil zuen tiroka, eta ibilgailu batean ihes egin zuen. Zaurien larritasunaren ondorioz, 31 urteko biktima bertan hil zen.
23:25 aldera, susmagarriak erabilitako ibilgailua Azpeitiko hiriguneko beste toki batean aurkitu zuten.
Azpeitiko eta inguruko beste herri batzuetako hainbat tokitan hainbat egunez bilaketa eta miaketa lanak egiten aritu ondoren, ustezko hiltzailea, 43 urteko gizon bat, 05:30ean agertu da Ondarroako ertzain-etxean. Bertan atxilotu dute, su-armaz egindako hilketa delitua egotzita.
Atxilotuak aurrekariak ditu osasun publikoaren aurkako delituengatik, eta beharrezko izapideak amaitutakoan utziko dute epailearen esku.
Zuhurtziaz jokatzeko eskaera
“Udalak zuhurtziaz jokatzeko eskatu nahi du, batez ere hildakoaren senideenganako eta inplikatutako pertsona guztienganako errespetuz”, esan du Nagore Alkorta alkateak, atxiloketaren berri izan ostean.
“Espero dugu, hemendik aurrera, lasaitasuna eta normaltasuna itzultzea pixkanaka gure herrira”, gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Pablo Ibarren auziko epaileak baztertu egin du lekuko berri batek deklaratzea