Euskadiko errepideetan izandako ezbeharren kopuruak % 18,5 egin du behera uda honetan
Ibilbide luzeko joan-etorriak 4,28 milioira iritsi dira; bitartean, nazioarteko trafikoa egonkor mantendu da, eta barnekoa ia % 2 hazi da.
Euskal errepideetan behera egin du istripuen kopuruak. Argazkia: Euskadiko trafikoa
Udako irteera eta itzulera operazio berezia amaitu da Euskadin, eta ezbehar-tasa jaitsi eta mugikortasuna egonkor mantendu da. Uztaila eta abuztua bitartean, zazpi pertsona hil dira trafiko istripuetan, 2025eko epe berean baino hiru gutxiago, Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan jakinarazi duenez.
Hildako zazpi pertsonetatik —bi Araban, hiru Bizkaian eta bi Gipuzkoan— bost kolektibo zaurgarrietakoak ziren: hiru motozale eta bi txirrindulari. Sei heriotza ohiko errepideetan gertatu dira, eta bat hiri barruko bide batean.
Istripuen kopurua % 18,5 jaitsi da, 1.027 izan baitira, iaz 1.261 izan ostean. Era berean, zauritu larrien kopurua % 26 jaitsi da (60 izan dira aurten, eta 81 izan ziren iaz), eta zauritu arinena % 8 (498 aurten, eta 540 iaz).
4 milioi joan-etorri baino gehiago
Guztira, distantzia luzeko joan-etorriak 4.284.000 izan dira; hau da, 2,14 milioi ibilgailu inguru igaro dira Euskaditik joateko, eta beste horrenbeste itzultzeko. Nazioarteko trafikoa egonkor mantendu da 2025ko datuekin alderatuta, eta barneko trafikoa, berriz, ia 2 hazi da; bi kasuetan, aurreikusitakoaren azpitik.
Gipuzkoan, zirkulazioa bereziki handia izan da Biriatuko mugaldean, batez ere itzulera operazioari lotutako mugikortasun handieneko egunetan eta, bereziki, abuztuko azken bi asteburuetan.
Armiñongo lotunean eta AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean, Gasteizera bidean, eta N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos-Madrilera bidean, martxan jarritako operatibo bereziek trafikoaren arintasuna hobetzen lagundu dute.
Bestalde, itzulera-operazioan izandako auto-ilara nagusiek zerikusia izan dute abuztuaren 12ko eguzki-eklipseagatik Euskadira heldu ziren ibilgailuen itzulerarekin.
Urte hasieratik, 23 pertsona hil dira euskal errepideetan: 11 Gipuzkoan, zazpi Araban eta bost Bizkaian.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera