Gizon bat larri zauritu dute Barakaldon izandako tiroketa batean
Tiroketaren ustezko egileak ihes egin du, eta handik gutxira atxilotu dute Amurrion.
48 urteko gizonezko bat larri zauritu dute, gaur arratsaldean, Barakaldon izandako tiroketa batean.
Lasesarre futbol-zelaiaren inguruan izan da gertakaria, 20:30 inguruan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, gizon batek auto baten barrutik hainbat tiro jaurti dizkio beste bati eskopeta batekin.
Bertaratu diren osasun-zerbitzuek tokian bertan artatu ondoren, Gurutzetako Ospitalera eraman dute biktima, sabelaldean zauri larriekin.
Tiroketaren ondoren, ustezko egileak ihes egin du, antza, Volkswagen Touareg beltz batean, eta handik gutxira atxilotu dute Amurrion.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertatutako argitzeko.