EGURALDIAREN IRAGARPENA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Beroa nagusi igandera arte: 30 ºC-tik gora gaurtik aurrera Euskal Herrian

Araban, abisu horia egongo da indarrean ostiralean eta larunbatean, muturreko tenperatura oso altuengatik, eta Nafarroan alerta laranja ezarri dute ostiral honetan, beroagatik. Igandean, aldaketa etorriko da. 

FOTODELDÍA - BERANGO (BIZKAIA), 21/06/2026.- Tres jóvenes se refrescan en una piscina en Berango (Bizkaia) este domingo, jornada en la que el Departamento vasco de Seguridad ha elevado la alerta a roja por la ola de calor al esperarse temperaturas muy altas que alcancen los 40 grados.  EFE/Miguel Toña

Gaurtik hasita eta datozen hiru egunetan, uda giroa izango da gurean. 30 ºC-tik gorako tenperaturak izango ditugu Euskal Herrian, eta 39 ºC-rainokoak Erriberan. Igandean, berriz, fronte bat iritsiko da, eta aldaketa ekarriko du: hodeiak eta giro freskoagoa. 

Iragarpena Euskadin

Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur, ostirala, bero zakarra egingo du barnealdean. Barnealdeko herri askotan, tenperatura maximoek 35 ºC-ko langa gaindituko dute; kostaldean, berriz, 30 ºC-tik beherako balioetan geratuko dira. Eguraldi eguzkitsua izango da, goi-hodei batzuekin. Arratsaldearen amaieran, berriz, behe-hodeiak ager daitezke isurialde atlantikoan. Goizean, norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da. Goizaren amaieran, haizeak ipar-mendebaldera egingo du Bizkaian, horrek tenperaturak gora egitea oztopatuko du, eta Bizkaia barnealdean Gipuzkoako barnealdean eta Araban baino baxuagoak izango dira tenperatura maximoak. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ipar-mendebaldeko haize hori gainerako eremuetara iritsiko da.

Larunbatean, beroak jarraipena izango du, batez ere hegoaldean. Zerua ez da guztiz garbi egongo, erdi-mailako eta goi-hodeiak agertuko dira, eta sargoria areagotuko dute. Arratsaldean, gainera, bero-hodei batzuk garatuko dira. Hauts-gandua ager daiteke. Goizean, norabide aldakorreko haizea ahula ibiliko da; arratsaldean, berriz, ipar-ekialdetik finkatu, eta apur bat indartuko da. Tenperatura maximoak apur bat jaitsiko dira isurialde atlantikoan, baina isurialde mediterraneoan berdin jarraituko dute eta 35 ºC-tik gorakoak izango dira.

Igandean ere, beroa izango da protagonista. Beste egun batez, zeruan hodeiak agertuko dira tarteka, eta ez da baztertzen han-hemenka tantaren bat botatzea. Hego ukituko haizea ibiliko da egunaren hasieran, baina iparraldera egingo du arratsaldean. Tenperatura maximoak igo egingo dira isurialde atlantikoan, eta antzera mantenduko dira isurialde mediterraneoan.

Euskalmetek abisu horia ezarri du tenperatura oso altuak izango direlako ostiralean eta larunbatean Arabako erdialdean, Ebro inguruetan eta Gipuzkoako eta Bizkaiko barnealdean.

Iragarpena Nafarroan eta Iparraldean

Nafarroan, Aemetek abisu laranja ezarri du ostiral honetan Ebroko Erriberan eta Nafarroa Erdialdean beroagatik, 39 ºC-rainoko tenperaturak izango baitira. Larunbatean eta igandean, berriz, abisua horia izango da. 

Météo-Franceren iragarpenaren arabera, zerua garbi eta eguzkitsu egongo da datozen egunotan Ipar Euskal Herrian, eta termometroek 30 ºC-ko tenperatura maximoa markatuko dute eguerdi partean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X