Beroak estutzen jarraituko du, baina ezegonkortasun handiarekin
Hurrengo egunetan, tenperatura altuak izango dira nagusi, baina ezegonkortasun handia izango da. Hala, gaur arratsaldean, esaterako, ekaitza bota dezake; Nafarroan, Aemetek abisu horia ezarri du euriteengatik.
Beroak protagonista izaten jarraituko du Euskal Herrian datozen egunetan. Tenperaturak 30 ºC-tik gora izango dira lurraldearen zati handi batean; hala ere, arratsaldeetan ezegonkortasuna areagotu egingo da, eta zaparradak eta ekaitzak bota ditzake.
Gaurko, adibidez, Nafarroako Pirinioetan abisu horia ezarri dute, euri asko egiteko arriskua baitago. Txingorra eta prezipitazio handiak egin ditzake, eta ordubetean 15 litro pilatu daitezke. Abisu horia eguna amaitu arte egongo da indarrean.
Gaur, astelehena, tenperatura altuekin jarraituko dugu. Balioak aurreko egunekoen oso antzekoak izango dira: 30 ºC-en bueltan ibiliko dira tenperaturak, eta leku askotan, hortik gora. Erdi-mailako hodeiak eta goi-hodei batzuk agertuko dira zeruan, baina, oro har, giro eguzkitsua gailenduko da.
Arratsaldean, bero-hodei batzuk garatuko dira. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da egunaren lehen partean, eta mendebaldera edo ipar-mendebaldera egingo du arratsaldean. Ezegonkortasun pixka bat izango dugu egunean zehar, eta, beraz, nahiz eta probabilitatea txikia izan, ez da baztertzen noizbehinka zaparrada bakanen bat botatzea. Trumoi-ekaitzak izateko joera handia izango da Pirinio inguruan arratsaldean.
Asteartean, hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, eta ezegonkortasun pixka bat izango da. Orokorrean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira; beraz, giroa argia izango da orokorrean, bereziki goizean.
Astearte arratsaldean, berriz, bero-hodeiak garatuko dira eta lainotzera egingo du. Ez da baztertzen noizbehinka zaparradaren bat egitea eta trumoiak jotzea, batez ere egunaren bigarren partean. Egunaren lehenengo partean, hego-mendebaldeko haizea ibiliko da; bigarrenean, ipar osagaikoa.
Asteazkenean tenperaturak gora egingo du atzera, hego haizearen laguntzarekin, eta giro ezegonkorrak bere horretan jarraituko du, asteburura arte gutxienez.