Euriteen ondotik, giro lasaiari eutsiko diogu datozen egunetan, temperatura maximo altuagoekin
Gaur oraindik euria egingo du, baina arratsaldean zehar ostarteak irekiko dira. Euriagatik atzo ezarritako alerta laranjak metro koadroko ia 70 litro utzi zituen Berriatuan, eta haizeak zuhaitzak bota zituen Bizkaiko hainbat udalerritan.
Asteazkeneko euriteengatik ezarritako alerta laranjaren ostean, datozen egunetan giro lasaiagoaizango dugu, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera.
Hala, gaur, osteguna, zaparradekin jarraituko dugu, batez ere goizean eta ipar isurialdean. Egunaren lehen partean antzera jarraituko du eguraldiak: ipar-mendebaldeko haizea pixkanaka indarra galduz joango da, baina zaparradak sarri botako ditu eta giroa hotza izango da. Orduek aurrera egin ahala zaparradak gero eta tartekatuagoak izango dira eta ostarteak irekiko dira: atertzera egingo du goizean hegoaldean eta ipar isurialdean arratsalde amaieran, mendebaldetik hasita. Gipuzkoa ekialdean eta Nafarroa iparraldean baliteke ostiral goizaldera arte euria egiten jarraitzea.
Ostiralean giro eguzkitsua izango dugu eta tenperatura maximoek gora egingo dute. Eguna giro hotzarekin eta lainoguneekin hasiko dugu, eta ez da baztertzen barnealdeko zenbait lekutan izotza egitea. Orduek aurrera egin ahala tenperaturak gora egingo du: maximoak 15-16 ºC ingurukoak izango dira kostaldetik gertu eta 11-13 ºC ingurukoak barnealdean. Goizean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira; arratsaldean garbitzera egingo du. Hegoaldeko haizea ibiliko da.
Alerta laranjak utzitako datuak
Euriteengatik ezarritako alerta laranjak errekorrak utzi zituen ostegun honetan. Berriatuan pilatu da euri gehien: 67 litro metro karratuko; ondoren, Pasaian (51 l/m2), Biarritzen (51) eta Foruan (47).
Haizeari dagokionez, balio altuenak Matxitxakon (143 km/h), Aralarren (112 km/h), Bilbon (100 km/h) eta Guardian (85 km/h) erregistratu ziren.
Gainera, euri eta haize ekaitzak zuhaitzak bota zituen Bizkaiko hainbat udalerritan.
Lehen elurteak
Halaber, elurteengatik Nafarroako Pirinioetan ezarritako abisu horiak elur-argazki ederra utzi zuen asteazken honetan Larra Belaguako ingurunean. Eski-denboraldia larunbatean hasiko da.
Zure interesekoa izan daiteke
Asteazken eta ostegun euritsuak, neguko tenperatura hotzekin
Larra-Belagua ingurua erabat elurtuta esnatu da