Euria eta tenperatura jaitsiera asteartetik aurrera
Aire masa hotzaren eraginpean igaroko dugu ia aste osoa, eta giro busti eta hotza izango da nagusi. Astelehena eta ostirala izango dira salbuespenak, giro argiagoa espero baita.
Asteartean fronte hotz bat iritsiko da gurera, eta, horren ondorioz, euria eta hotza izango ditugu protagonista, gutxienez ostegunera arte. Hori dio behintzat Euskalmet euskal meteorologia agentziak aste honetarako prestatutako iragarpenak.
Astelehena izango da asteko salbuespenetako bat. Izan ere, oro har, giro eguzkitsua nagusituko da eta tenperatura maximoak atseginak izango dira urte sasoi honetarako (13-17 ºC). Goizean, zerua lainotuta egongo da isurialde atlantikoan, eta baliteke euri pixka bat egitea Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoa ekialdean; ezer gutxi, dena den. Orduek aurrera egin ahala, giro argia nagusituko da, iparraldean zerua guztiz oskarbi egongo ez bada ere. Egunsentia hotza izango da barnealdean, eta minimoak 5 ºC-ren azpitik kokatuko dira; 10 ºC-tik gora, kostaldean.
Giroa astearte arratsaldetik aurrera nahastuko da, orduan sartuko baita frontea. Goizean, erdi eta goi mailako hodeiek zikinduko dute zerua, baina ateri eutsiko dio. Egunaren bigarren zatitik aurrera, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta euritara joko du. Egunaren amaieran, elurra egin dezake mendi gailur altuenetan, bereziki Pirinioetan. Termometroen jaitsiera nabarmena izango da, eta epelenek ez dute 15 ºC-ren langa pasatuko.
Giro motela asteazkenerako. Euria egingo du eta tenperaturak are gehiago jaitsiko dira. Hotzenak 3-5 ºC-ko tartean mugituko dira barnealdean, eta 9 ºC-koak izango dira kostaldean. Tenperatura maximoei dagokienez, 9 gradu ingurukoak izango dira barnealdean, eta 13-14 gradukoak, berriz, kostaldean.
Joeraren arabera, giro bustiak segida izango du ostegunean, baina zertxobait lasaiagoa izango da eguraldia. Tenperaturan, aldaketarik ez. Ostiralean, beste bisaia bat erakutsiko du aroak: eguzki tarte gehiago izango ditugu eta tenperaturek gora egingo dute. Gainera, ez da euririk espero.