Hego-haizeak eta tenperatura beroak astearen hasiera markatuko dute
Hego-haizea bizia izango da bihar, astelehena, eta tenperatura minimoek zein maximoek gora egingo dute. Nafarroako isurialde atlantikoan eta Ipar Euskal Herrian abisu horia aktibatuko dute. Ostiralean etorriko da aldaketa.
Astea hego-haizeak markatuta hasiko da. Zakar ere ibiliko da, eta tenperaturen gorakada eragingo du.
Astelehenean, hego-haize zakarra nagusituko da Euskal Herri osoan, eta tenperatura minimoak altuagoak izatea eragingo du. Euskalmeten iragarpenaren arabera, lauzpabost gradu gorago ere egongo dira termometroak egunaren hasieran, eta giroa epela izango da lehen orduetatik aurrera, batez ere ipar partean. Gasteizen izango dira hotzenak (9 °C) eta Bilbon beroenak (14 °C).
Tenperatura maximoak ere apur bat igo daitezke: Iruñean eta Gasteizen 18 °C izango dira, Donostian 21 °C, Baionan 22 °C eta Bilbon 23 °C.
Zerua oso hodeitsu egongo da astelehenaren hasieran, eta euri txikia egin dezake. Arratsaldetik aurrera, berriz, ostarteak zabalduko dira, eta euria egiteko probabilitatea txikiagoa izango da.
Gainera, Aemetek abisu horia aktibatuko du haizeagatik Nafarroako isurialde atlantikoan, 03:00etatik 15:00etara. Izan ere, 70 km/h-ko haize-boladak espero dira. Ipar Euskal Herrian ere, Meteofrancek abisu horia jarriko du martxan haizeagatik 15:00ak arte.
Asteartean, eguraldi berdintsua izango dugu: hego-haize indartsua eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak. Arratsaldean, baliteke zaparrada txiki batzuk egitea, batez ere barnealdean.
Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero. Gasteizen eta Iruñean, 12 °C-koak izango dira minimoak, eta 20koak maximoak. Kostaldean, ordea, 17-18 °C-ko minimoak eta 23 °C-ko maximoak aurreikusten ditu Euskalmetek.
Asteazkenean, antzeko eguraldia izango dugu. Ostegunean, ordea, hodeitza handiagoa espero da, eta hego-mendebaldeko haizea. Tenperaturek berdin jarraituko dute.
Aldaketa ostiralerako iragarrita dago. Haize aldakorra izango dugu, eta tenperaturak behera egitea aurreikusten du Euskalmetek.
Zure interesekoa izan daiteke
Hego-haizea izango da protagonista asteburuan, 20 ºC inguruko maximoekin
Azaroari ekiteko, negu giroa
Asteburu lasaia datorkigu, giro eguzkitsu eta udazkeneko tenperaturekin
Giro argi eta epelarekin esango diogu agur urriari
Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian
Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdera