Gutxienez bost pertsona hil ditu tiroz gizon batek Krakovian
Gutxienez bost pertsona tiroz hil eta hainbat zauritu ditu gizon batek Krakovian (Polonia), auto batetik egindako eraso batean. Poliziak tiroz zauritu du erasotzailea, eta atxilotu eta ospitalera eraman du.
Erasoa hiriko erdigunean izan da, Merkatu plazan. Krakoviako Udalak dei egin die herritarrei "Poliziak eta larrialdi-zerbitzuek lan egiten ari diren tokira ez hurbiltzeko".
Waldemar Zurek Barne ministroak Merkatu plazako "tragedia izugarria" salatu du. "Nire bihotza tragedia imajinaezin honen biktimen familiekin eta gertukoekin dago", adierazi du.
Zurekek baieztatu du arduraduna atxilotuta dagoela. "Fiskala, Polizia eta ikerketarekin lotutako zerbitzu guztiak bertaratu dira frogak biltzera eta erasoaren nondik norakoak ikertzera. Estatua funtzionatzen ari da. Lasaitasuna eskatzen dugu, eta larrialdi-zerbitzuen lana ez oztopatzeko. Krimenaren erantzulea Justiziaren aurrera eramango dute", gaineratu du.
Bestalde, Donald Tusk Poloniako lehen ministroak "tiroketa tragikoa" aipatu du. "Polizia erasotzailearen aurrekariak eta nondik norako guztiak ikertzen ari da", azaldu du sare sozialetan.