EGURALDIAREN IRAGARPENA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Asteburu lasaia datorkigu, giro eguzkitsu eta udazkeneko tenperaturekin

Datozen bi egunak eguzkitsuak izango dira, hasieran hotzak eta eguerdi partean epelak. Astelehenean tenperaturak behera egingo du eta giroa hodeitsuagoa izango da.

donostia eguzkia iturria txomin rezola
Donostiako irudia. Argazkia: Txomin Rezola

Asteburua giro lasaiarekin dator: eguzkia oro har izango da protagonista. Tenperaturei dagokienez, eguna hotzetik esnatuko da, baina 18º-ren bueltan ibiliko gara egunaren eguerdi partean, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera.

Ostiral honetan, eguraldi lasaiarekin jarraituko dugu. Egunaren hasieran erdi mailako hodeien eta goi-hodeien hondarrak agertuko dira zeruan eta barnealdean lainoa sortuko da. Goiza aurrera joan ahala jasoko du eta gainerako orduetan zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da. Iluntzean ipar isurialdean behe-hodei batzuk ager daitezke. Arratsaldean iparraldeko haizea ibiliko da, gainerako orduetan norabide aldakorrekoa. Tenperaturak berdintsu jarraituko du.

Larunbatean, eguraldi eguzkitsuari eutsiko diogu. Barnealdean lainoa sortuko da, baina goiza aurrera joan ahala jasoko du. Iparraldean behe-hodei batzuk agertuko dira. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero, nahiz eta leku batzuetan zertxobait jaitsi. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, arratsaldean iparraldetik finkatu eta biziago ibiliko da, batez ere hegoaldean.

Igandean, behe-hodei gehiago agertuko dira ipar isurialdean. Gainerako tokietan zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egingo da. Iparraldeko haizea nagusituko da eta Ebro ibarrean arratsaldean indartu egingo da. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, baina jaisteko joera izango dute maximoek.

Aste hasierarako, tenperaturak behera egingo du eta giro hodeitsuagoa espero da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X