Greba
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hauek dira Osakidetzan ostiraleko grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak

Jaiegunetan egon ohi den langile kopuru berbera izango dute greba egunean ospitaleek, larrialdi zerbitzuak bermatuko dituzte eta ospitaleratutako gaixoei behar bezalako arreta emango zaie, alta medikoak barne. Lehen mailako arretan, berriz, larunbat bati dagokion zerbitzua emango da, egun horretan lan egin ohi duen langile kopuru berberarekin.

hospital cruces gurutzetako ospitalea AITOR AGIRREZABAL

Gurutzetako Ospitalea. Argazkia: Aitor Agirrezabal

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu ostiral honetan, urriaren 30ean, Osakidetzan egingo duten greba egunerako.

Mikel Torres Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak urriaren 26an sinatutako aginduak zehazten ditu, hain zuzen ere, greba egunetako gutxieneko zerbitzuak.

Ospitaleetan, jaiegunetako ohiko langile kopuru berbera egongo da lanean. Ospitaleratutako pazienteen arreta bermatuko dute, baita larrialdi zerbitzuak, sukaldeak, janari banaketa eta zerbitzu horiek aurrera ateratzeko beharrezkoa diren garbiketa lanak ere.

Dialisi prozesu guztiak eta aurrez programatutako minbiziaren aurkako tratamendu denak bermatuko dituzte, % 100ean. Atzeratu ezin diren gainerako prozedurak ere egingo dituzte, atzeratzeak pazienteen bizitza edo osasuna arriskuan jartzen duen kasuetan. Horien artean daude onkohematologiako eguneko ospitaleko jarduerak, hemodinamikak, iktus unitateak, zainketa intentsiboetako unitateak, neonatologia, erditzeak eta Giza Transfusio eta Ehunen Euskal Zentroaren jarduera.

Lehen Mailako Arretan, berriz, larunbatetako ohiko zerbitzu bera emango dute, egun horretan lan egiten ohi duten langile kopuru berberarekin. Larrialdi zerbitzuek eta EAGek langileen % 100 izango dituzte. Osasun erakunde integratuetako (OSI) telefono bidezko arreta zerbitzuek, aldiz, ohiko langileen % 50 izango dituzte lanean. 

Hurrengo lanuzteak abenduan egingo dituzte.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X