Sindikatuek ostiraleko grebari eutsi egingo diote Osakidetzan, eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute ez dagoela aurrerapauso nahikorik lan-baldintzen akordio berria adosteko. Soldata-igoerak eta lan-baldintzak hobetzea eskatu dute. Larrialdi zerbitzuek, EAGek eta emergentziek % 100eko zerbitzua emango dute.
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urriaren 30erako, ostiralerako, deitutako grebari eutsi egin diote Osakidetzan. Sindikatuen arabera, ez da aurrerapauso nahikorik izan lan-baldintzen akordio berria negoziatzeko. Osakidetzaren zuzendaritzari proposamen zehatzak egiteko eskatu diote, tartean soldata-proposamen bat aurkezteko, eta gatazka konpontzeko benetako borondatea erakusteko.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu biharko grebarako. Abenduan lau greba-egun egingo dituzte: hilaren 9an, 10ean, 11n eta 14an. Larrialdi zerbitzuetan, Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) eta larrialdietan ohiko langileen % 100ek egingo dute lan.
Sindikatuek salatu dute Osakidetzak ez duela soldata-proposamenik egin
Asteazkenean Gasteizen egindako Mahai Sektorialaren bileraren ondoren, bost sindikatuek berretsi dute mobilizazio-egutegiari eutsi egingo diotela. Haien ustez, orain arte landutakoa bideratzeko aurrerapauso errealak eta handiak behar dira. Orain arteko aldaketak ez direla nahikoak ohartarazi dute.
Sindikatuen esanetan, "onartezina" da Osakidetzak oraindik soldata-proposamenik aurkeztu ez izana. Are gehiago, bizitzaren garestitzea etengabea den honetan.
Gainera, gogorarazi dute 17 urte baino gehiago eman dituztela lan-baldintzak arautzen dituen akordioa osorik berritu gabe. Horregatik, hainbat arlotan hobekuntzak eskatu dituzte: lanaldian, baimenetan, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko neurrietan, soldatetan eta gainerako lan-baldintzetan. Hobekuntza horiek Osakidetzako langile guztiei eragin behar dietela nabarmendu dute.
Langile-karga handia eta langile falta
Sindikatuen iritziz, negoziazioak egiturazko arazoei erantzun behar die. Besteak beste, pazienteen arretaren ondoriozko lan-karga handiari, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunei eta langile falta betetzeko behar adina ordezko ez izateari.
Lan-baldintzak hobetzea ezinbestekotzat jo dute herritarrei arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko. Horretarako, osasun-sistema publikoan behar adina langile izatea eskatu dute, eta pribatizazioak geldiarazteko ere bai.
Bost sindikatuek ohartarazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela negoziazioan behar adinako aurrerapausorik ez dagoen bitartean. Ostiraleko grebarekin bat egiteko deia egin diete Osakidetzako langileei.
Larrialdietako gutxieneko zerbitzuak % 100ekoak izango dira
Mikel Torres Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak urriaren 26an sinatutako aginduak zehazten ditu greba-egunetako gutxieneko zerbitzuak.
Ospitaleetan jaiegunetako ohiko langile kopuru bera egongo da lanean. Ospitaleratutako pazienteen arreta bermatuko dute, baita larrialdi-zerbitzuak, sukaldeak, janari-banaketa eta zerbitzu horiek funtzionatzeko beharrezkoa den garbiketa ere.
Dialisi-prozesu guztiak eta aurrez programatutako minbiziaren aurkako tratamendu guztiak bermatuko dituzte, % 100ean. Atzeratu ezin diren gainerako prozedurak ere egingo dituzte, atzeratzeak pazienteen bizitza edo osasuna arriskuan jar badezake. Horien artean daude onkohematologiako eguneko ospitaleko jarduera, hemodinamika, iktus-unitateak, zainketa intentsiboetako unitateak, neonatologia, erditzeak eta Giza Transfusio eta Ehunen Euskal Zentroaren jarduera.
Lehen Mailako Arretan, berriz, larunbatetako zerbitzuak emango dituzte, egun horretan lan egiten duen ohiko langile kopuruarekin. Larrialdi-zerbitzuek eta EAGek langileen % 100 izango dituzte. Osasun-erakunde integratuetako (OSI) telefono bidezko arreta-zerbitzuek, aldiz, ohiko langileen % 50 izango dituzte lanean.
Urrian eta abenduan, bost greba-egun
Urriaren 30eko greba izango da SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatutako bost greba-egunetatik lehena.
Ostiraleko grebaren ondoren, mobilizazioek abenduan jarraituko dute: hilaren 9an Araban, 10ean Bizkaian eta 11n Gipuzkoan. Azken greba-eguna abenduaren 14a izango da, eta Osakidetza osoan egingo dute.
Greba-egun bakoitza aurreko eguneko 22:00etan hasiko da, eta greba-egunaren 22:00etan amaituko da.